Iazko urriaren 7an Libanon nintzen oporretan, beraz, bertan ginen Hamasek erasoa egin zuenean, baita Israelen ondoko ofentsibaren lehenengo egunetan ere. Bidaia agentzia batek antolatutako talde-bidaia zen, eta tartean bagenituen Ekialde Hurbileko gatazketan oso jantziak, atzerriko gaietan inolako interesik ez zutenak eta kezka nagusia etxera onik itzultzea zeukatenak.
Palestina-Israel gatazkaz, iritzi orokorra Palestinaren aldekoa zen, baina pertsona bat bazen Israelen alde garbi egiten zuena. Azken hilabeteetan bidaiakideek palestinarrek pairatzen duten krudeltasunari buruzko artikuluak eta bideoak harekin partekatu badituzte ere, zalantza dut ea bere arrazoibidearen muina aldatzeko balio izan duten.
Emakumea da, asturiarra, historia gaietan oso jantzia, erretiroa gertu daukan administrazioko langilea, munduan barrena bidaiatu zalea; pentsatzen dut bere burua ezkertiartzat daukala, etxean Salud y República egiten dutelako topa. Eta hala ere, ultraeskuinak defendatzen duen mundu ikuskerarekin bat egiten du puntu batean: oinarrien artean islama daukaten gizarteak bortitzak, matxistak eta atzeratuak iruditzen zaizkio. Txistea bakarrik kontatzen da.
Martxoak 8 dituen honetan, bereziki mingarriak dira eskuin-muturrak emakume musulmanez zabaltzen dituen usteak
Israelek bere estatusa eta rola, besteak beste, Europako zuriekin aliantza eginez eraiki du, haien homologotzat har dezaten, inguruan dituen herrialde islamikoekiko oposizioan. Horregatik kantatzen dute Eurovisionen eta jokatzen dute Euroligan. Hala nola, gobernu ultrakontserbadorea daukatela ahaztu dezagun.
Martxoak 8 dituen honetan, bereziki mingarriak dira eskuin-muturrak emakume musulmanez zabaltzen dituen usteak. Ezjakin, gajo eta ezgauza deritze, pariak dira, nahiz eta azken urteotan Kurdistanen, Iranen eta Pakistanen, esaterako, emakumeak izan diren borroken protagonistak.
Mundu osoan badira jendarte hobeak eraikitzeko borrokatzen diren emakumeak. Helburu antzekoak izan arren, bakoitzak bere agenda dauka, abiapuntu desberdinak ditugulako. Asturiaseko andreak ez daki, ultraeskuinak are gutxiago, ez gaituela helmugak askatzen, elkarrekin egiten dugun bideak baizik.
Gure Lopez de Arbina.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.