Bikote harremanei buruz ari ginela, ahizpak kontatu zuen bere lagun bat banatu berri zela: "Neska oso maiteminduta egon izan da beti, berea zen proiektua egiteko apustua, berak egokitu zuen bizitza mutilarenera harremanak aurrera egin ahal izateko, eta hala ere, barruko ahotsak esaten zion bera ez zela mutil harentzako nahikoa". Eta gero, jakinduria inbidiagarriz gehitu zuen: "Noski, nola sentituko duzu inorentzat nahikoa zarela zureak ez diren joko arauen arabera ari bazara". Eta nik, barruko domino fitxak erortzen sentitu nituen, epifania txikiak dena argitu zuen arte.
Denok sentitu dugu inoiz inoren ondoan ez garela nahikoa, ez dugula nahikoa ondo egiten, ez dugula maila ematen. Beti ez da bikote harremanetan gertatzen; lagunekin gerta daiteke, eskolan, familiarekin. Nahikoa onak sentitzen ez bagara, hurrengo pentsamendu logikoa izaten da norberaren arazoa dela, edo norbera dela arazoa, eta biziago saiatu behar dugula hobeto egiten, hobeak izaten. Inoiz gutxi pentsatzen dugu arauak nork ezarri dituen, zergatik, guretzat egokiak ote diren. Zergatik dauka beste aldeak arauak jartzeko boterea, zein da norberaren tokia harreman horretan, nola egiten da demokraziaren alde pertsonen arteko harremanetan?
Aipatu izan dugu norbera gaztigatzen duten min oso intimoak agenda politikoarekin lotuta daudela. Inkesta azkarra egingo bagenu, emaitzak erakutsiko luke emakumeoi maizago gertatzen zaigula gureak ez diren joko arauen arabera aritu behar izatea, ez-boterean bizitzea. Bikote harremanetan bezala lantokian. Euskaraz bizitzen saiatzen garenoi gertatzen zaigu, eta baita gizarte honen bazterretan bizi diren gainontzekoei ere.
Hirugarren batek borobildu zuen hausnarketa: "Kanpoko arauetara egokitzean, zeure burua natural eta berezko agertzeko modurik ez baduzu, harreman horretan ez zara libre". Hortxe dugu erronka, ukatzen gaituzten harremanak eraiki, elikatu eta bizitzeari uztea, baita herri gisa ere. Agian, pertsona libreagoek herri libreagoa egingo dute.
Gure Lopez de Arbina.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.