Iritzia

Ogia eta zirkua

Erabiltzailearen aurpegia Oier Azkarraga Grajales

"Bitartean mutu, itsu, gor nahi gaituzte haien klase interesei men egiten eta haien doinura dantzan"

Azken asteetan protestak areagotu dira han-hemenka. Euskal Herriko txoko ezberdinetan protesta handiak bizi izan ditugu: etxebizitzaren alde hemen, hezkuntzaren alde han. Poliziaren indarkeriaren kontrako protestak ere presente daude gure herrietan, eta amorrua zabaltzen doa Euskal Herriko kaleen luze zabalean.

Euskal Herria herri borrokalaria da, beti izan da. Ez gen berezirik izan dugulako edo jaiotzez zeozer dugulako horrekiko. Herentzia moduko bat da, gure aiton-amonak lubakietan izan genituen, gurasoak barrikadetan eta gu hala moduz bada ere borrokara batu gara, gehiago edo gutxiago, gehiagotan edo gutxiagotan.

Bitartean, ordea, garai batean mugimendu iraultzaile baten parte zirenak, indar guztiak edo gehienak behintzat, kutxa batean sartzen den paper ziztrin batean jarri dituzte. Badirudi dena konponduko dugula lau urterik behin eskolara hurbildu eta ezer ikasi gabe handik aterata, klase antagonikoen ikasgai horretan zeinek 10ak eta zeinek 0ak argi ez balego bezala. Urteten jaku urteten jakuna.

Demokrazia deritzoten hori klase dominantearen zuriketarako tresna besterik ez da. Jendea lasai etxean gelditu eta teknokratek goberna dezaten, haiek baitira hoberen dakitenak beraiek parte ez diren herri batek zer behar duen. Eta bitartean mutu, itsu, gor nahi gaituzte haien klase interesei men egiten eta haien musikaren doinura dantzatzen.

Horretarako jarri dituzte komunikabide guztiak dantzan, euren bozgorailu pribilegiatuetatik gauzak nola egin behar diren zuzentzen eta argitzen.

Langileok argi izan dezagun: herriaren aurka diseinatutako erramintek ez dute herria askatuko. Antolakuntzan dago gakoa. Antolakuntzan eta kalearen hartze kolektibo eta mugagabean. Hori dela eta, azaroaren 11an kaleak hartuko ditugu, baina baita ordura arte eta horren ostean ere. Bizitza delako handiena eta guk bizi nahi dugu. Galtzea litzake galtzea dena. 

Oier Azkarraga.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago