Helburu argirik gabeko eta idearik gabeko taldea izan da lehenengo lau jardunaldi hauetan ikusitakoa. Igandean ere, 0-3 kanpokoen alde, Vila-realen alde, alegia.
Lau partida golik egin gabe eta denak galduak. Ezkortasun kiribil honetan bada baikortasunerako tartea, lau jardunaldi bakarrik egin baititu taldeak 2017/2018 denboraldian. Ikusi beharko da, ordea, zein den taldearen bilakaera, eta nork ekingo dion erronkari entrenatzaile gisa, Luis Zubeldiaren kargugabetzearen ostean. Javier Cabello izango da, momentuz, kargua hartuko duena.
Etxean, hots, Mendizorrotzan, jokatutako bigarren norgehiagoka izan zen igandekoa. Aurrean, Vila-real taldea, hauek ere eskas ekin zioten aurtengo denboraldiari. Harmailetan bazen hutsunerik, baina jendea hurbiltzen joan zen azken unean, begizuloak ez ziren falta, hori bai. Iragarki panelak distiratsu, ez hainbeste zaleon eserlekuak. Partidaren atarikoak.
Ondo hasi zen taldea lehenengo ordu erdira arte. Aurreko partidetan ikusitako jokoa iraganeko amesgaiztoa zela zirudien. Sentsazio onak eman zituen taldeak. 22. minutuan bandatik egindako konbinazio baten ostean, Bojanek pase ona egin zuen eta Ibaik gola egiteko saiakera egin zuen baina Barbosa atezainak arazo gabe harrapatu zuen baloia. Taldearen momentu onak ziren eta dezibelioak gora zihoazen harmailetan.
Hala ere, azkar etorri ziren hodeiak Mendizorrotza ingurura. Izan ere, 32. minutuan Cedric Bakambuk areaz kanpoko jaurtiketa egin zuen, zoritxarrez Alexis-ek ikutu eta Pacheco beste aldera botata, geldiro sartu zen baloia sarera. Jasotako golaren ostean, Alavesek ezin izan zion egoerari aurre egin. Bigarren zatian, Vila-realen hurrengo bi golak etorri ziren. 0-2koa Baccak egin zuen 51. minutuan, eta 0-3koa Bakambuk, 61.ean. Bekokilun taldea, eta inongo alternatibarik gabe, banan-banan Villarealen gol aukerek gora egin zuten, oso erraza baitzen Alavesen area zapaltzea.
Alavesek ordea, ez zuen ia gol abagunerik eduki, atzekoen eta aurrekoen arteko lotura falta nabarmena izan zen eta partida 0-3 amaitu zen. Taldeak esna egotetik lo egoterako jauzia eman zuen atzokoan. Ikusteko dago ea zein den taldearen bilakaera baina sentsazioak ez dira onak eta hala ikusi zen harmailetan. Hoberena, zalantza gabe, harmailak emandako irudia, taldeak ez bezala lo egotetik esna egoterako jauzia eman baitzuen. Iraultza 1921en animazioa txapela kentzekoa beste behin, lehenengo minututik azken minuturaino taldea bultzatu baitzuen. Gaitzerdi. Bien bitartean, taldea Ligako azken postuan. Asteazkenean Riazorren izango da taldea, egoera kezkagarrian.