Zubeldia entrenatzailea kargutik kendu du Alaveseko zuzendaritzak

Erredakzioa 2017ko ira. 18a, 16:43

Luis Zubeldia entrenatzaile argentinarra. /Alaves

Ligan jokatutako lau partidetan ez du batere punturik lortu talde gasteiztarrak; Javier Cabellok hartuko du agintea, behin behinean.

Ibilbide laburra izan du Luis Zubeldia entrenatzaile argentinarrak Gasteizen. Ekainean iritsi zen Medellingo Independiente taldetik, eta Ameriketako talde ezberdinetan lortutako emaitza onek etorkizun oparoko fitxaketa bat izan zitekeela aurreikusten bazuten ere, ez da horrelakorik suertatu. Aurtengo denboraldiko lehen lau partidak bakarrik jokatuta, gasteiztarrek ez dute puntu bakar bat ere lortu eta zuzendaritzak ez du egoera gehiago luzatu nahi izan.

Emaitzak lagun ez izateaz gain, taldeak erakutsitako jokoak ere ez du esperantzarako tarterik utzi. Alavesek aurtengoan ez du gol bakar bat sartzerik lortu, eta aldiz, zazpi jaso ditu kontra. Horrenbestez, atzo iluntzean zuzendaritzak hartutako erabakiaren berri eman zuen: Luis Zubeldia kargutik kentzea.

Behin behineko ordezkoa

Talde babazorroko zuzendaritzak entrenatzaile argentinarraren ordezkoa hautatu bitartean, Javier Cabellok hartuko du taldearen agintea. Aurtengo denboraldian Zubeldiaren laguntzaile bezala jardun duen valentziarrak aldez aurretik entrenatzaile lanak egin izan ditu CD Ciezan, Castellonen eta Leongo Culturalean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago