Gidor Bilbao Telletxea (Bermeo, 1965). Filologia Klasikoa eta Euskal Filologia ikasi zituen UPV-EHUn, Gasteizen. Filologia Klasikoan doktorea da. Latina, latin-literatura eta itzultzaileentzako informazio- eta dokumentazio-lana irakatsi ditu UPV-EHUko Letren Fakultateko graduetan, eta euskal testu zaharren edizioa master mailan. Latinetik eta gaztelaniatik euskarara itzulitako liburuak argitaratu ditu, bai eta latin-literaturako eskuliburua eta euskal pidginei buruzko liburua ere (Basque pidgins in Iceland and Canada). Tradizio klasikoaren azterketan, itzulpenaren eta sorkuntzaren arteko mugen azterketan eta testu zaharren edizioan egin ditu ikerketa-lan gehienak. Monumenta Linguae Vasconum ikerketa-taldeko kide da. Euskaltzain urgazlea da. UEUrekin ere urte askotan jardun du lanean, hala sailburu gisa nola hizkuntz zuzentzaile gisa. Azken urteetan, UEUko Argitalpen Batzordean dihardu. Fakultateko idazkari eta dekanorde izan da hamaika urtez. UPV-EHUko Euskara Zerbitzuaren zuzendaria izan da bi urtez eta UPV-EHUko Euskara eta Eleaniztasuneko errektoreordea beste bi urtez. Orain Mikel Laboa Katedraren laguntzaile da. Legution Geurie Euskara Batzordean ibili zen 2000-2010 hamarkadan; Gasteizko Geurekin Mendira taldearekin joaten da mendira eta Geu Elkartearen talde dinamizatzailean dago; Bermeon Euskera Aholku Batzordean laguntzen du. "31 eskutik" blogean idazten du hilean behin.