Iritzia

Bedeinkatzeko lizentzia

Erabiltzailearen aurpegia Lander Varona Alangua

"Memeen portadak hartu dituen Leon XIV.a eta Bob Dylanen arteko bilerak zeharo arduratu nau"

Jainkoak badaki ez naizela pertsona sinestuna, baina eliza kristauari interesatzen zaion soluzio batekin nator. Aste hauetan memeen portadak hartu dituen Leon XIV.a eta Bob Dylanen arteko bilerak zeharo arduratu nau. Polarizazioaren aurkako yin eta yang-aren performance horretatik atera dezakegun konklusio bakarra da eliza desesperatuta dagoela gertutasun eta cooltasun irudi bat emateko. Arazoa da Prevost jauna (bere jatorrizko izena XIV.a izatera heldu baino lehen) 1964ko erreferenteetan geratu dela.

Leon XIV.aren osasun arazoek seguruenik egoeraren kritikotasuna areagotu dute. Jainkoa imajinatu dezakegu zeruko bandan, gora eta behera. Urduri, besoak gurutzatuta, keinuak egiten, bankillora begira eta hurrengoari berotzen hasteko eskatzen, bere jokalari izarrari azken aukera bat ematen dion bitartean. Bere idoloa ezagutzea lortu zuen aita santuak, agur esaten ari denaren seinale. "Komentuan geratzen zaidanerako" mentalitatea. Agian hurrengo jokalaria ez da harrobitik atera behar, agian fitxatzeko unea heldu da.

Irakurtzen jarraitzeko iradokitako abestia: Tina Turnerren Goldeneye.

Daniel Craig aktorea ez da gehiago James Bond izango, eta postua libre utzi du frankiziaren fanatikoen fumata txuriaren esperoan. Leherketetatik ihes egiteko berandu erretiratu da Craig, baina garaiz aita santua izateko. Ez al da errazegia, perfektuegia, ate birakari hau? Bond zaharrak aita santu berriak izango dira. Kontratu bakarra Warner Bros. eta Vatikanoaren sinadurekin: bi inperioen batura mugagabea. Ez dut uste Sean Connery aita santu atzerakoiena baino homofoboagoa izango zenik. Fijatzen bagara, bi figura hauek ez dira horren ezberdinak. Historian zehar jende ezberdinak interpretatu dituzten pertsonaia uniformedunak dira biak. Jendeak badu gogokoren bat, oso auto esklusiboak dituzte, eta inoiz ez dira emakumeak. Gauza asko komunean. Nire gogokoena Juan Pablo II.a, dudarik gabe. Lau tiro jaso zituen atentatu batean eta bizirik atera zen. Ez al da hori inoiz entzun duzuen gauzarik jamesbondarrena? 

Lander Varona.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago