Beno, beno, hemen gaude. Iritzi artikulu bat idazten komunikabide serio batean. Jolas honetara jolastu dezakegu guztiok, eh. Iritzi bat izatea da, besterik ez.
Iritzi bat izan, edozeren inguruan, norbaitek lanean errepika ditzan zure hitzak, hala moduz, berari okurritu izan balitzaizkio bezala: "Argi dago Trumpen administrazioari min egingo diola…", "NATOren eraginkortasun falta materian kezkagarria da…", "4-4-2 sistema aldatzeak mesede egin zion Alavesari bigarren zatian…" Ba ez horixe, lagun. Hemengo hitzak ezingo dituzu errepikatu, ja! Seguruenik ezingo dituzu ezta ulertu ere. Ahalegin handia egingo dut zentzugabekeria zoroenak topatu eta nire indar guztiekin paperaren kontra jaurtitzeko, honek xurgatu ditzan, Araba osora zabalduz zure disgustu hutserako.
Ez dakizu nor irakurtzen ari zaren, lagun. Zutabe hau zure amesgaizto gaiztoena bilakatuko da. Zure amesgaiztoek duten amesgaiztoa izango da. Oh, eta bide batez, ez naiz zure laguna. Agian, hitz hori pare bat aldiz idatzi izanak testu honetan horren sentsazioa emango zizun. Inondik inora. Lerro hauetatik isilik narrasten den zizare zikina naiz, ziztatzeko prest. Bai, hala da, ziztatzen duen zizarea. Aliterazioaren boterea logikaren legeen gainetik. Logikak ez du zentzua hemen eta zentzua ez da logikoa inon. Beraz, jarraitu bilatzen, hemen ez dago kopiatzeko ezer eta.
Oraindik irakurtzen jarraitzen baduzu, agian probokazio bat dela pentsatuko duzu. Aurkezpen trakets bat non autoreak zirikatzea besterik ez duen bilatzen. Hori bilatuko banu, 11. orrialdeko bigarren paragrafoaren lehenengo esaldia idatziko nuke. Uau, hori bai polemikoa.
Agian are txarrago, pentsatuko duzu nonbaitera doala buru-galtze hau. Esperantzak eramaten zaitu, akaso, beste hitz bat tentuz irakurtzera, kandela soil baten laguntzaz iluntasunean murgiltzen dena bezala. Hitz bat gehiago, ea hauetako batek giltza forma duen, ea baten bat puzzleari falta zaion pieza den. Puzzlea 0-99 urte bitartekoentzat da eta 100 urte bete berri dituzu. Zorionak.
Lander Varona.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.