mitologia

Inauterien jaiaren jatorria

Zalduondoko Markitos. ALEA

Ea bada, mozorrotu zaitez nahi duzun bezala, baina, jai honen jatorrizko zentzuari helduz, txantxaz eta alaitasunez jantzita zure buruari egiozu barre, eta lagun artean edo familian disfrutatu ezazu!

Inauteri tradizionalak kristautasunaren eragin handia du, nahiz eta jatorri paganoa izan. Jai hau Garizuman sartu aurretik ospatzen da. Kristau sinesmenean, Garizuma Pazko jaiaren prestaketa espiritualerako denbora liturgikoa da, penitentzia, bijilia eta gogoeta egiteko garaia. Berrogei egun irauten du: inauterietako Errauts egunetik Ostegun Santura arte. Aldi honek kristauentzat zekarren zorroztasun eta hersturaren aurretik, askatasun eta gehiegikeriazko hiru egun ospatzen ziren, Errauts asteazkenaren aurreko hiru egunak.

Ospakizun honetan ateratzen zen zarata naturari egindako deiadar bat zela dirudi

Erdi Arotik aurrera kristautasunak inauteriak bere egutegira egokitu bazituen ere, jai hauen jatorria zaharragoa da. 

Ospakizun egun hauen aztarna goiztiarrena, orain dela 5.000 urte, sumeriar (Mesopotamia) nekazariek uzta berria espiritu txarretatik babesteko su handi batekin egiten zuten zeremonia dela diote. Garai beretsuan egiptoarrek, dirudienez, antzeko errituala egiten zuten neguko denboraldian. Kasu honetan, ugalkortasuna eta heriotza errituekin lotuta zegoen, Apis jainko zezena gurtzen zuten.

Geroago, greziarrek neguko ohitura horrekin jarraitu zuten, emankortasuna eta ardoaren Dioniso jainkoa gurtuz. Erromatarrek gauza bera egin zuten, Bako ardoaren jainkoarekin, eta jai horietan mozkortzeko joera, neurrigabeko oturuntza eta gehiegikeria sexualak ohikoak ziren.

Iturri askok inauteriak erromatarren Saturnale edo Luperkalia ospakizunekin lotzen dituzte.

Saturnalak (latinez Saturnalia) erromatarrentzat jai garrantzitsuak ziren. Ospakizuna Saturnoren Tenpluan egiten zen sakrifizio batekin hasten zen, ondoren bazkari publikoak, oparien trukeak eta etengabeko festak jarraitzen zuen. Arau sozialen erlaxazioa zekarren eskutik jaiak, eta maila sozial ezberdinetako herritarrak nahasten ziren neurrigabekerian.

Ahuntz baten sakrifizioa

Antzinako Erroman, otsailaren 15aren inguruan ospatzen ziren luperkal jaiak. Ruminalis izeneko pikondo gurtuaren itzalpean, apaiz batek ahuntz bat sakrifikatzen zuen erritu batekin hasten zen festa. Ondoren, helduarora igarotzeko zeuden nerabeek biluzik prozesio bat egiten zuten. Hauek ahuntz hil berriaren larruarekin egindako uhalak zeramatzaten eta bidean aurkitzen zituzten emakumeei eskuetan eta bizkarrean jotzen zieten. Astinketa hau zeremoniaren parte zen eta garbiketa-ekintza bat bezala hartzen zen.

Ospakizun egun horietan mota guztietako gehiegikeriak baimenduta zeuden, eta maskarak eta bestelako jantziak jartzen omen zituzten, anonimotasuna gordetzeko helburuarekin. Litekeena da beraz, inauterien jatorria ospakizun hauetan egotea.

Luzimenduzko itxurakeria aspergarriaren erakusleiho bihurtu dira hiri handietan

Germaniar herri askotan, berriz, ugalkortasunaren Nerthus jainkosaren omenez ospakizun handia egiten zen, negu amaieran. Festa horietan jainkosaren eskultura bat gurdian zeramatela prozesio erritual bat egiten zuten, jendea aberez mozorratuz eta gizonezkoak emakumez jantziz, negua kanporatzea eta udaberrian ugalkortasuna itzultzea eskatuz. Biztanleek armak alde batera utzi eta ospakizunean elkar besarkatzen omen ziren.

Badirudi, negu amaierako ospakizun hauek ziklo baten amaiera eta beste baten hasiera sinbolizatzen zutela. Lotura handia du nekazaritzaren egutegiarekin eta lurra berritzeko denborarekin, uzta berriari ekiteko garaiarekin hain zuzen ere. Kontuan izan behar da antzina udaberriarekin batera hasten zela urtea, eta, beraz, ez da soilik neguaren amaierako festa bat, urte berriaren hasierakoa ere bada.

Arabako inauteri tradizionalak

Zalduondon, Kuartangon, Agurainen, Amurrion, Ilarduia/Egino/Andoinen, Kanpezun, Salcedon, eta beste herri askotan ospatu izan dira landa inauteriak Araban. Euskal Herriko beste hainbat herrietakoak bezalaxe, antzekotasun handiak dituzte lehen aipaturiko erromatarren edo germaniarren antzinako ospakizun horiekin: negu amaierakoak izatea, mozorrotzea, desfileak egitea, gehiegikeriazko eta txantxako jaiak izatea eta abar.

Gehiegikeriazko ospakizun hauetan jendeak nahiago du bere nortasuna ezkutatzea

Jai hauen ezaugarri bereizgarriena mozorrotzea da. Gehiegikeriazko ospakizun hauetan jendeak nahiago izaten du bere nortasuna ezkutatzea, libreago sentitzen delako. Oro har, herrietako arabar gazteek ez zuten ezer erosten. Material guztiak beren etxeko ganbaratik eta ukuilutik lortzen zituzten: soineko zaharrak, zakuak, larruak eta abar. Naturako elementuak ere erabiltzen ziren: hostoak eta arto-ilea edo huntzak. Janzkera berezi hauekin ateratzen zirenei modu ezberdinetan deitzen zitzaien: kakarrero Antezana de la Riberan, kakarro Amurrion, katxirulo Maeztun, katxirulo Kanpezun, katxi Azazetan, kokomarro Aramaion, maskareta Bastidan, eta abar.

Amurrion, adibidez, herriko gazteak kakarrosez mozorrotuta ateratzen ziren baserritik, burua eta aurpegia zaku edo oihal beltzez eta kapeluz estalita, eta arropa ilunez jantzita. Txerri maskuriarekin egindako puxika puztuak edo makila luze batzuk eramaten zituzten bizilagunak izutzeko asmoz. Gizonak emakumez mozorrotzen ziren eta emakumeak gizonez, inork ezagutu ez zitzan.

Legution, porreruek ere puxikekin eta makilekin, mutilak neskez eta neskak mutilez jantzita joaten ziren txistulariak girotutako erromerian. Baina baziren irlanderaz, irulez, mozorrotzen zirenak ere. Porrero pertsonaiez jantzita beste hainbat herritan ere ateratzen ziren: Aberasturi, Arrieta, Arriola, Arrizabalaga, Egilaz, Egino, Gazeo, Galarreta, Heredia, Hermua, Lermanda, Luzuriaga, Manzanos, Munain, Langraiz Oka, Narbaxa, Okariz, Olabarri, Oreitia, Ozeta….

Zalduondon berriz, Markitosekin batera, errauts banatzailea eta kale garbitzailea, musikariak, mozorrrotutako agure bikotea (Markitosen gurasoak), hartza, ardia eta porreroak joaten ziren erromerian.

Inauteri guztietan jendea mozorrotuta desfilean joaten da, musikarekin dantzatuz eta kantatuz, edo elementu ezberdinekin zarata eginez edo oihukatuz. Iskanbila hori sortzeko kanpaitxoak eta kaskabiloak jartzen zituzten soinean, eta karrakak, lapikoak, matrakak eta tilitranak erabiltzen zituzten. Badirudi ospakizun honetan ateratzen zen zarata naturari egindako deiadar bat zela, neguko loaldi ilunetik esnatzeko eta udaberriari ongietorria emateko.

Adarjotzeak, gehiegikeriak eta arau urratzeak ere badakartza jai honek. Maila sozial ezberdinetako jendea nahasten da, eta txantxak egitea librea da. Bako ardoaren jainkoaren eraginak ere gure kaleetan dirau eta gehiegikeriak errazten ditu. Arabako inauteri herrikoietan adibidez, ohikoa zen erromerian zihoazen gazte mozorrotuak parean aurkitzen zuten guztiaz jabetzea (oiloak, untxiak, arrautzak, kazolak janariarekin…), eta txantxa moduan baserritarrei laborantza tresnak ezkutatzea. Kalejira ikusten zeuden herritarrak izutzeko asmoz puxikekin eta makilekin jotzen zituzten, edo errautsa, irina edo urarekin zikindu.

Jaiei amaiera emateko, herri gehienetan, inauterietako pertsonaia nagusia akabatzen dute, normalean asteartean. Zalduondon Markitos, Amurrion Kakarro, Asparrenean Lastozko gizona lehenik epaitu eta gero sutan erretzen dituzte. Salcedon, aldiz, Porretero epaitu eta teilatura botatzen dute putreek jan dezaten, eta Kanpezun Toribio errekara botatzen dute, ito dadin. Euskal Herriko hainbat lekutan antzekoa egiten da: Ustaritzen Zanpanzahar, Arizkunen Hartza eta Lantzen Ziripot epaitu eta erre egiten dituzte; Lesakan, berriz, Zakuzaharrak amaieran jipoi latza jasotzen du.

Ekintza honek, jaien bukaeraz gain, neguan gertatu diren gauza txarren edo portaera desegokien epaiketa eta zigorra irudikatzen du, herritarrek mendekua hartzen dute. Azken batean, ziklo baten amaiera eta beste baten hasiera adierazten dute. Orain dela 5.000 urte sumariarrek egiten zuten legez, suaren bidez purifikazio errituala egiten da, udaberriarekin datorren uzta berria ona izan dadin.

Arabako herri askotan lan handia egiten ari da tradizio hauek berreskuratzeko edota berauekin jarraitzeko. Baina gaur egun landa eremuko txantxa eta adarjotze jai horiek inauteri urbanoei eman diote bide. Ospatzeko modu berriak heldu zaizkigu, eta herri batzuetan mozorrotzeko eta ongi pasatzeko jai zoro izaten jarraitzen duten arren, hiri handietan luzimenduzko itxurakeria aspergarriaren erakusleiho bihurtu dira.

Ea bada, mozorrotu zaitez nahi duzun bezala, baina, jai honen jatorrizko zentzuari helduz, txantxaz eta alaitasunez jantzita zure buruari egiozu barre, eta lagun artean edo familian disfrutatu ezazu! 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago