Uda amaitzearekin batera amaitzen ei da musika makro-jaialdien denboraldia. Akabo absurdoaren sasoia. Baina, pozik egon gaitezke. Izan ere, ate-joka ditugu 2027 urtearen lehen hilabeteetan mugarri izango diren buesak betetzea. Euskal kulturak buesak, miribillak, nafarroarenak eta becak konkistatu behar dituelako. Bai, konkistatu. Eta anoetak eta sanmamesak, zergatik ez. Eta hori guztia, euskararen eta euskal kulturaren mesedetan, jakina.
2026ko apirilaren 26an iragarri zuen ETS-k bideo-promo zinez etsigarri batean urtebete luzera Zurbanoko pabiloian ospatuko duen kontzertu berezia. Berehala etorri ziren beste bi kontzerturen iragarpena, a ze sorpresa. Eta bi hilabete pasa aurretik, 2026ko ekainean, jokaldi berdina egin zuen Zetak-ek. Ez bat, ez bi. Hiru kontzertu, hiru buesa.
Iñigo eta Pello, Pello eta Iñigo. Haurrak balira bezala, norgehiagokan eskolako patioan. Zuk herrietako jaiak esportatuko dituzula mundura, ni euskal mitologia eta herri-inauterien berpiztaile izango naiz. Zuk Broncanori, Espainiar telebistako modazko aurkezlea denari Arbizuko 3 txistorra eta Nafarroako gazta eraman dizkiozula, nik Broncano beraren irudiaren buruhandi bat oparituko diot. Zuk Madrilgo Movistar Arena betetzen duzula, nik bi San Mames. Zuk Buesa hiru aldiz, nik zergatik ez.
Liluragarria benetan Guinness errekorra lortzeko euskal musikagintzan mugarria izango den kontzertu edo ekitaldi handienaren lasterketa zoro hau. Eta, zer izango da hurrena? Shakira kolonbiarrak Madrilen egin bezala, errenkadan eskaintzeko 12 kontzertutarako “erabili eta botatzeko” hiri bat sortzea Bardeetan?
Zakil-lasterketa baten itxura hartzen ari zaion zirimola honek ez dio inongo mesederik egiten euskal kulturari, ezta Euskal Herriko musika panoramari. Hala saldu nahi digute, Euskal Herriak behar dituela makro-kontzertuak. Gure hizkuntzak beharrezko dituela horrelakoak. Baina, halako makro ekitaldiek, batik bat, batzuen patrikari egiten diete mesede. Tartean, nola ez, Last Tour promotore gupidagabeko lagunei.
Hobe dugu mugarri baino, herri egitea. Hobe mikroa zaintzea makrora joan baino. Zaindu ditzagun areto, taberna eta gaztetxeetako kontzertuak, musika-jaialdi erraldoitako ebento jasanezinak sustatu baino. Ez al da justuagoa 300.000 mila eurotako dirulaguntza talde bakarrari bideratu baino, askoren artean banatzea? Hobe elefanteei jaten eman baino, zientoka inurriren lana babestea, Odei Barrosok berriki aipatutako bi mindu horien arteko arrakala gaindiezina izan baino lehen. Sare-musikala zientoka inurrik egiten dutelako, ez ETS, Zetak, Bulego eta abarrek.
Fokua musikan jarri ordez, esperientzia jendetsu, bakan, ahaztezin eta askotan esklusiboetan jartzen dugu. Muskizen Petronorrentzako doako greenwashing kontzertu berezi bat eskaintzea oso cool da, baina gero ahaztu egiten zaigu auzolanetik eraikitako EHZ bezalako jaialdi batekin begirunea izatea. Edota greban dauden teknikariekin elkartasun zintzo bat izatea. Tematu egiten gara eszenatokia zientoka jendez betetzeaz, jaia egiteaz, baina gero ahaztu egiten zaigu oholtzan batzen ditugunak gutxi batzuk badira ere guztiei tratu duina ematea. Tematzen hasita, hobe dugu buesa, miribillak eta nafarroarenak betetzen ez tematzea.
Ion Etxebarria Okantza.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.