Euskara gure kaleetan

Euskal soziolinguistika jardunaldiaren ekitaldia. / Argazkia: Emun

"Mugak muga, euskararen ilusioa (ber)piztu omen da Gasteizen zein Araban".

1989an egin zen euskarazko erabileraren lehenbiziko kale-neurketan, oinezkoen % 2,0k baliatzen zuen hizkutza hori Gasteizen,  eta 2021ean 4,1ek; alegia, 2,1 puntuko igoera antzeman da hogeita hamabi urteotan. Azken hamar urteko epera mugatuz, ikusten da euskararen kale-erabilerak 1,8 puntuz gora egin duela, eta gainerako hiriburuetan, aldiz, ez da aldaketa esanguratsurik gertatu. Areago, Euskal Herriko hiriburuen artetik, Gasteiz bigarren postuan agertzen da (%4,1), Donostiaren (%15,3) atzetik eta Bilboren (%3,5) aurretik. Beste hirietan ez bezala, zergatik igo da euskararen kale-erabilera Gasteizen?

Aspaldiko euskaltzaletasuna

Frankismoaren bukaeran bazeuden euskararekin konpromiso sendoa zuten gune txiki eta ekintzaile batzuk gure hirian. Adibidez, Olabide Ikastola eta Umandi Ikastola giro horietatik sortuak dira, 1963an eta 1974an, hurrenez hurren; Emilio Lopez Adan “Beltza” “euskal idazle eta pentsalari intelektuala” (https://eu.wikipedia.org) ere, bertako familia euskaltzale horietako batean sortu zen.

Aldeko haizeak

XX. mendearen 60ko hamarkadan industrializazioa asko areagotu zen; lantegi asko hurbildu ziren Gasteizera, eta migrazio horrretan hainbat familia euskaldun bertaratu zen. Bestalde, mende horren bukaeran Administrazio Autonomikoa (Eusko Jaurlaritza, Eusko Legebiltzarra…) finkatu zen gure hirian, eta horren harira zenbait euskaldun gasteiztartu berri zen. Aurrekoaren segindan, hezkuntza sistema euskaldunagoaren eskutik ere, irakasle eta dinamika euskaltzaleak gehiago ugaritu ziren. Era berean, euskal hiztunen saldoak EHUren eskutik hurbildu zitzaizkigun: irakasle-ikertzaileak, ikasleak…; horietako batzuk euskal filologia ikastera, hain zuzen.

Aldi berri baten hasiera, eta XX. mendearen erdialdean apaiz eta mitarrena baino izan ez zen Vitoria, Gasteiz euskaldunagoa gorpuzten hasi zen

Etorri berri horiek asko lagundu zuten ordurako abiatuta zen bertako dinamika euskaltzalea osatu eta hauspotzen; besteak beste, 1992. Urtean GEU elkartea  sortu zen. Aldeko haize horiek Gasteizen zegoen euskararen erabilera sustatzeko eta euskaldun eta euskaltzaleen komunitatea trinkotzeko asmoara bildu ziren. Aldi berri baten hasiera, eta XX. mendearen erdialdean apaiz eta mitarrena baino izan ez zen Vitoria, Gasteiz euskaldunagoa gorpuzten hasi zen.

Araban, zer?

Araban ere goranzko joera behatu da azken hamarkadan (% 4,0tik % 4,8ra). Lurralde honetako zenbait eskualdetan hirburuaren eragina argi eta garbi islatzen da, baina ez guztietan; esaterako, Aiaraldeak berariazko dinamika indartsua ere badu. Hala ere, Arabako lurralde guztiek bizi izan dituzte, gutxi-asko, Gasteizen ikusi ditugun aldaketa mota bertsuak: Hezkuntza Sistema, Herri-Administrazo, lan-mundua, belaunaldi berriak eta bestelako ingurune batzuk pausoz pauso euskalduntzen joatea.

Aurrera, gorantz begira

Mugak muga, euskararen ilusioa (ber)piztu omen da Gasteizen zein Araban. Ilunpetan zegoen lurralde honetan, argi printzak argitu dira. Gure esku dago goranzko norabidean gogotsu jarritzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago