Goranzko joerari eusten dio Arabak, euskararen kale erabileran

Erredakzioa 2022ko eka. 24a, 14:52

Arabako zenbait eskualdetan, jasotako datu kopuruak baldintzatuta, kale erabilera neurketetako datuak ez dira adierazgarriak. Halere, lurralde osoa aintzat hartuta, bilakaera positiboa izan da Arabako eskualde guztietan, azken bost urteetan.

Soziolinguistika Klusterrak 2021eko Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren emaitzak aurkeztu zituen berriki, eta ondorio nagusitzat Euskal Herrian euskararen kaleko erabilera orokorra 2016tik berdin mantendu dela azpimarratu zuten. 2006. urtean euskararen kale erabilera maila altuena neurtu ostean (%13,7), hurrengo bi neurketetan jaitsi egin zen (%13,2 2.011n eta %12,6 2016an).

Aste honetan berriz, Bilbon ospatutako Soziolinguistika Jardunaldian, maiatza amaieran argitaratutako Euskal Herriko hizkuntzen erabileraren kale neurketa 2021 txosteneko datuak eskualdeka xehatzeko tartea hartu zuten (udazkenean eskainiko ditu Soziolinguistika Klusterrak herriz herriko datu zehatzagoak).

2011ko zein 2016ko azterketetan bezala, Bizkaiko ipar-ekialdeko Lea Artibai eskualdea da euskararen kale erabilera altuena duen eremua (%76,1) –Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroa dira aztertu diren udalerriak–. Ostean, Gipuzkoako Urola-kosta (%63,7), Tolosaldea (%55,8) eta Debagoiena (%42,4) dira neurketa altuenak jasotako eskualdeak hurrenez-hurren.

Araban, Gorbeia inguruak dira eremurik euskaldunena kale neurketaren arabera (%27,5). Gainera igoera nabarmena izan du kale-erabilerak eremu honetan 2016az geroztik (%23,2).

Kantauri Arabarrean (%5) kale neurketako datuek pixka bat gora egin dute 2016tik (%4,4) eta antzera Arabako Lautadan ere (%4,1 izan da 2021an eta %4 2016an). Lautadako datuetan zenbatuta geratzen da Gasteizko kopurua (%4,1), Euskal Herriko hiriburuen artean bigarrena izanik, Donostiaren atzetik.

Bestetik, Arabako Mendialdean, Arabako Errioxan eta Arabako Ibarrak eskualdeetan ikerketako lagina txikiegia da eta datuek ez dute nahiko sendotasun esanguratsuak edo fidagarriak direla esan ahal izateko. Ingurune horietako erabilera ezagutzeko hurrengo edizioetan datu-bilketa zabalagoak egiteko borondatea azaldu du Soziolinguistika Klusterrak, emaitza esanguratsuak eskuratzeari begira; baita oraingoan daturik jaso ez den Trebiñura neurketa zabaltzeko borondatea ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago