Iritzia

Ogia

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lasa Nuin

"Zer ote dauka ba ogiak ume bati era horretan ukatzeko? Gizendu egiten omen du..."

Ama, ogia nahi dut! Ez, maitea, ogia ez; tori gaileta bi. Duela gutxi ama eta alabaren arteko pasadizo honen lekuko izan nintzen. Zer pentsatua eman zidan, eta gaztetako oroitzapenak ere piztu zizkidan. Ogia, ez. Zer ote dauka ba ogiak ume bati era horretan ukatzeko? Gizendu egiten omen du, hori izango da debekuaren arrazoia. Edo, akaso, egon daiteke azpiko beste arrazoiren bat: haurra zeliakoa ote?

Ogia. Elikaduraren sinboloa. Bizitzaren oinarria izan da gaurdaino hemen eta mundu guztian. Gurean ogia gari irinarekin egiten da —zeliakoentzat ez da aproposena—, baina beste lurralde batzuetan arto irina, arroz irina, zekale edo garagar irina, fruitu lehorren irina... irin mota guztiak erabiltzen dira ogia, taloa, tortilla (Mexiko), morokila eta antzeko ogi-jakiak egiteko mundu guztian, oinarrizko elikadura moduan.

Egia da gari irinak gluten asko duela arto irinarekin alderatzen badugu, —arto irinak ez du glutenik— baina glutena berez ez da txarra, kasu batzuetan bakarrik zailtzen du gure digestioa, zeliakoa zarenean, batik bat. Azkeneko hamarkada hauetan jendea glutenik gabeko jakien bila dabil merkatuan, ez dakit noren aholkuak jarraituaz. Glutenak bere onurak ere baditu gure gorputzarentzat eta ez genuke baztertu behar. Glutenak zuntz-elikagai aberatsa du, hesteetako mikrobiota sustatzen du eta B bitaminaren iturri ere bada.

Ogiaren kontsumoa sakratua izan da. Gure aurrekoek errespetu handiz erabiltzen zuten eguneroko eta jatordu guztietako ogia. Garai haietan gaur baino ore hobeagoa izango zen, dudarik gabe, legami naturalarekin, hartzidura naturalarekin egindako ogia. Gaur egungo ogi industrialak, askotan, ogia deitura bakarrik du antzeko garai bateko ogiarekin. Okindegietan ogia izenarekin dozenatik gora ogi mota eskaintzen dituzte eta norberak jakin behar du elikagai ona izango den ogia erosten. Baina bai, ogia bai!

Iñaki Lasa.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago