Klima Aldaketari buruzko gobernuen arteko adituen taldeak (IPCC) argitaratu berri duen txostenak planetaren tenperaturaren bilakaera aztertzen du, baikorrenetik ezkorrenera doazen bost agertoki azalduz, eta 2021-2040, 2041-2060 eta 2061-2100 denboralditan banatuz.
Eta argi utzi du txostenak, batetik, tenperaturaren igoeraren erantzukizuna gizakiarena izan dela; bestetik, orain arte atmosferara isuritako berotegi-efektua duten gasen eragina itzulezina dela, nahiz eta gaurtik aurrera isurketak zerora jaitsi; eta, azkenik, hemendik aurrera, CO2 isurketaren gutxitze aldera orain arte hartutako neurriak baino erabatekoagoak eta ausartagoak hartu ezean, 2030 urterako, hipotesi baikorrenean eta espero zenaren aurka, industriaurreko garaiko tenperatura baino 1,5 gradu altuago izango dela. Hipotesi ezkorrenean, aldiz, 2040 urtean 1,6 gradukoa izango da aldea.
"2030 urterako, hipotesi baikorrenean eta espero zenaren aurka, industriaurreko garaiko tenperatura baino 1,5 gradu altuago izango da"
Atzeratuak gelditu dira, beraz, Pariseko Akordioaren helburuak, eta, Antonio Guterres, Nazio Batuen idazkariaren esanetan, "kode gorria da gizateriarentzako IPCC txostena". Jakin behar datorren azaroan Glasgow hirian ospatzekoa den Klimaren Aldaketaren Nazio Batuen Esparru-Hitzarmenak kontuan hartuko dituen txostenaren oharpen larriak.
Gero eta ageriagoa da planetak ezin duela jasan gizateriak eragiten dion presioa: ez da airean, uretan eta lurrean sortzen dugun kutsadura digeritzeko gai; tenperaturaren igoeraren ondorioen larritasuna: espezien desagerpena, desertizazioa, itsasoaren uraren nibelaren igoera eta azidotasuna, muturreko fenomeno meteorologikoen eraginak (euriteak, lehorteak, suteak); ordezkaezin diren baliabideen agorpena...
Trantsizio energetikoa, karbonoan oinarritutako ekonomia batetik karbonorik gabeko ekonomia batera heltzea, erabat arazotsua da. 2040. urtean beharrezkoa izango den energia gaur egungoa baino %50 handiago izango da. Ba al dute energia berriztagarriek ahalmenik izango erregai fosilek gaur egun sortzen duten energia ordezkatzeko eta %50 gehikuntza hori estaltzeko? Ez dago batere garbi hala izango denik, energia mota bakoitzaren dentsitate potentzia kontuan hartuz gero: erregai fosilena metro koadroko 500-10.000 wattekoa den bitartean, eguzki-panalena metro koadroko 5-20 wattekoa da, eta eolikoarena 1-2 wattekoa besterik ez.
"Ba al dute energia berriztagarriek ahalmenik izango erregai fosilek gaur egun sortzen duten energia ordezkatzeko eta %50 gehikuntza estaltzeko?"
Bestalde, hidrogenoaren teknologia berdea bere hastapenetan dago, eta ITER proiektua, ondo ateratzen bada ere, ez da errealitatea izango hogei urte barru arte.
Energia metatzearen teknologiak beharrezkoak izango diren arren, zalantzak sortzen ditu trantsizio energetikoaren kostu izugarrizkoak, prima berdearen kostuarenak hain zuzen; hau da, energia fosil unitate bakoitzekoaren eta karbonorik gabeko ordezkatuko duen unitate bakoitzekoaren arteko kostuen aldea. Adibide bat jartzearren: hegazkin batek erabiltzen duen erregaiaren litro batek 0,58 dolar balio badu eta karbonorik gabekoa 1,41 dolar, prima berdea 1,41-0,58 = 0,83 dolarrekoa izango da. Trantsizio energetikoaren kostuak mila milioikakoak izango dira.
Ez da harritzekoa panorama ilun honen aurrean bi jarrera bateraezinen agerpena: batetik, teknologiaren laguntzarekin indarrean dagoen sistema ekonomikoak bideragarria izaten jarraituko duela uste dutenena; bestetik, beste muturrean kokatzen den ikuspuntua, sistema ekonomikoa behetik gora aldatu beharraren aldekoena, mugagabeko hazkundea ezinezkoa delako eta, beraz, deshazkundearen aldeko apustuaren defendatzaileena.
"Ez da harritzekoa panorama ilun honen aurrean bi jarrera bateraezinen agerpena"
Lehenengo teoriaren aldekoa da Bill Gates, Microsoft enpresaren fundatzailea. Argitaratu berri duen Nola saihestu desastre klimatikoa. Ditugun irtenbideak eta behar ditugun aurrerapenak liburuan, gaur egun gizateriak isurtzen dituen 50.000 milioi tona CO2 zero isurketetara 2050. urterako heltzeko bidearen zailtasunak aztertzen ditu, eta, zailtasunak zailtasun, teknologian jartzen ditu bere itxaropenak. Ez du liburu osoan zalantzarik azaltzen sistema ekonomikoaren inguruan, ezta "beherapen ekonomikoa" hitzak aipatzen ere. Eugen Morozov ikertzaileak "konponkortasunkeri teknologikoa" deitzen dio aurrean ditugun erronkak bideratzeko teknologiengan batzuek jartzen duten zalantzarik gabeko konfiantza.
Beste muturrean kokatzen dira, aldiz, ekologistak eta teknologiarekiko kritikoak diren mugimenduak. Aurrerapenari buruz duten ikuskera ez dator bat inondik inora kapitalismoak duen ikusmoldearekin, eta, hazkunde ekonomikoaren ordez deshazkundea defendatuko dute, bide hau delako planeta salbatzeko irtenbide bakarra. Beraz, ez datoz bat kontsumismoak proposatzen digun "eduki = zoriontasuna" identifikazio ereduarekin. Edukiaren edo itxuraren ordez, izan; jabea izan baino, erabiltzailea izan: urritasuna ez baitago zoriontasunarekin liskartuta.
"Ikusitakoak ikusita, bigarren ikuspuntuaren aldekoa naiz, nahiz eta klima aldaketaren ondorio latzak ikusteko eta pairatzeko ez naizen biziko"
"Ez naiz hori ikustera helduko" jarri nion izenburua nire aurreko idazkiari. Ez dut nik esango Yuval Noah Harari historialariaren ustean gizateriak aurrean dituen hiru erronka globalak -gerra nuklearra, klimaren aldaketa eta teknologia- nondik nora joango diren, baina, ikusitakoak ikusita, bigarren ikuspuntuaren aldekoa naiz, nahiz eta klima aldaketaren ondorio latzak ikusteko eta pairatzeko ez naizen biziko. Hobe dugu, badaezpada ere, datozen belaunaldien etorkizuna bermatze aldera, neurritasunez jokatzea eta kontsumismoari aurre egitea.
Honetaz ari garela, ba al du zentzurik Prat edo Barajas aireportuen handitzeko planak, edo kotxeen parkea berritzeko Renove diru laguntzak?