Behin baino gehiagotan gertatu zait gauza bera: duela urte batzuk gustuz eta erraztasunez egindako mendi ibilbidea berriz egin, eta orduan laburra izan zena luzea bihurtu oraingoan; erosoa lehenengoan izan zena gogorra iruditu bigarrenean. Oroitzapenen traizioa besterik ez dela hori dio nire mendi lagun gazteak; urteak pasa ondoren alde onekin geratzen garela, ahazten ditugula aldarte txarrak. Nire uste apalean, aldiz, adinaren ajeak besterik ez dira. Hiru milako mendiak ziren orduan, bi mila eta bost ehunekoak gerotxoago, bi milakoak ozta-ozta orain, eta, laster, Olarizu tontorra.
Pandemiak ezagunen arteko harremanak urruntzera eraman gaitu, eta hilabete batzuk pasa ondoren gure adineko ezagunak kalean elkar ikusi, beraiekin hitz egin eta agurtu ostean, komentatuko dugu zahartu egin direla ikusi berri ditugunak, bizitasuna galdu dutela. Ez gara konturatuko, baina ziur gaude ikusi ditugun lagunek gauza bera pentsatuko dutela gutaz, nahiz eta oso gazte ikusten gaituztela gure aurrean esan.
Inkontzienteki kokatzen gara gure bizitzaren denboran, batez ere adin bat dugunok. Eguneroko gaia bihurtu den klimaren aldaketa dela eta, Pariseko akordioak dio 2030. urterako CO2 isurketak 1990. urtean izandakoaren %55 murriztu beharko direla; 2030 urte hori urruntxo geratzen zaidala pentsatu dut, ez dakidala non egongo naizen orduan. Eta urrunago ikusten dudala oraindik hidrogeno teknologiaren garapen osoa, edo ITER proiektu erraldoiak fusio nuklearraren bidez sortuko duen izugarrizko energia, 2035 espero baita abian jartzea. Esan beharrik ez dago karbonorik gabeko 2050. urtearekin pentsatzean burura datorkidan iruzkina: "Ez naiz hori ikustera helduko".
Izurria! Covid19-ak mundua astindu du Slavoj Zizek-ek idatzi berri duen liburuan, Elisabeth Kübler-Ross egileak gizakiok gaixotasun terminal bat dugula jakitean agertzen ditugun erreakzioei buruzko bost faseekin osatutako eskema aipatzen da. Lehenengo fasea ukazioarena da: pertsonak uko egiten dio egitatea onartzeari: "Hau ezin da gertatu, ezin zait gertatu"; haserrearena da bigarren fasea, pertsonak ezin du egitatea ukatzen segitu, eta amorruz lehertzen da: "Nola da posible niri hau gertatzea?"; negoziazioa da hurrengo pausua, nolabait ere egitatea atzeratzeko edo murrizteko itxaropena izatea: "Mesedez, utzidazu nire haurrek eskola amaitu arte bizitzen"; depresioaren aldia izango da laugarrena: "Hil egingo naiz, beraz, zergatik ahalegindu ezertan?"; eta, azkenez, onarpena : "Ezin diot kontra egin, beraz, hobe dut prestatzea".
Denborak, adinak, bere lekuan kokatzen gaitu, eta zahartzearen prozesua naturaltasunez eta ia inkontzienteki bizitzen dugu, egoera berriari moldatuz, aldi luze eta bakarrean, hau da, onarpenaren fasean. "Ez naiz hori ikustera helduko" iruzkina ez da gazte baten ahotik aterako, bai, ordea, adin bat dugunon ahotik. Gero eta maizago ahoskatuko dugu esaldi errealista hori, eta, beraz, hobe dugu prestatzen joatea.
Gaixotasun terminal baten aurrean sortzen diren erreakzioak bost fasetan garatzen badira, aldi bakarrean garatzen da zahartzaroak sortzen dituenak, onarpen fasean hain zuzen: "Ez naiz hori ikustera helduko".