Baia ibaiaren hartunearen eta goiburuko biltegiaren artean ura hartzeko sei kilometro hodi berritzeko "beharrezko diru hornidura" onartu du Zuiako Udalak asteazkenean egindako ohiko osoko bilkuran. Udalak iragarri du URA agentziarekin eta aldundiarekin batera finantzatuko dituztela lanak, baina oharrean ez dute kopururik aipatu.
Azaldu dutenez, irailaren 11n erakunde horiekin egindako Uraren Mahaian udalak bere gain hartutako konpromisoetako bat zen hau. 50 urte baino gehiago dituen hoditeria honek uda honetan zehar "hainbat gorabehera eragin" ditu. "Esku hartze horren bidez, saihestu nahi da era honetako matxurek eguneroko ur horniduran izan dezaketen inpaktua, batez ere udako hilabeteetan, ur eskasia handieneko unea baita", azaldu du udalak.
Unai Gutierrez Urkiza Zuiako alkateak "erabateko konfiantza" agertu du erakundeen arteko koordinazioan, eta ziurtatu du "helburuak ahalik eta lasterren" lortuko dituztela. Udal gobernuan dagoen EH Bilduk eta oposizioan den Zuia Batzen Gaituren zinegotzi bakarrak aldeko botoa eman dute, baina proposamenak ez du "EAJren aldeko botorik izan". Oharrak ez du zehaztu jeltzaleena kontrako botoa ala abstentzioa izan den, ezta erabaki horren argudiorik ere.