UNAI GUTIERREZ URKIZA

"Ez daukagu ura bermatuko digun azpiegitura edo loturarik"

Jon Hidalgo

2011tik da Zuiako alkate Unai Gutierrez. Argazkia: JG/ALEA.

Beste hainbat tokitan bezala ur hornidurarekin arazoak izan dituzte Zuian uda honetan zehar, murrizketak jarri eta kendu ibili dira.

Debeku batzuk indarrean direla hasi dute iraila udalerrian. Zuiako alkateak azaldu digu bizi duten egoera.

Zein da orain egoera?

Nahiko estu gabiltza ur baliabideekin. Baia ibaia da gure hornidura iturri nagusia baina, klimatologia ikusita, eta uda honetako prezipitazio eskasekin, arazoak izan ditugu. Oso adi gabiltza, ea zenbat ur hartu dezakegun ibaitik eta zenbat gastatzen dugun. Oreka bilatu behar dugu, neurri hain drastikoak hartu behar ez izateko eta erabileran murrizketarik ez jartzeko.

Zer neurri ezarri dituzue?

Uztaileko egun batzuetan ura moztu behar izan genuen gauez, hamarretatik goizeko zazpiak arte. Orain, aldiz, neurriak bideratuta daude ura modu arduratsuan erabiltzera; debekatua dago igerilekuak betetzea eta lorategiak edo baratzeak ureztatzea. Barne mailako neurri gisa abuztuaren 15ean udal igerilekua itxi genuen, pentsatuz udaletik ere neurriak hartu behar genituela, herritarrei eskatzen genien bezala.

"Beharrezkoak ez diren gastuak kentzea da gakoa: igerilekuak, autoa garbitzea..."

Nolatan heldu zarete muturreko egoera honetara?

Egiturazko arazo bat da, aspaldikoa. Aurtengo uda azken hamarkadako lehorrenetakoa izan da, eta halakoetan asko murrizten zaigu ibaitik ura hartzeko gaitasuna. Hamarkada bat baino gehiago daramagu egiturazko konponbide bat eskatzen, behin betikoa. Aldundia eta Ura agentziaren esku dago, baina ez da oraindik konpondu. Ez daukagu ura bermatuko digun azpiegitura edo konexiorik, eta udan oso baldintzatuta gaude ea ibaiak zer eman diezagukeen.

Udalerrirako balsa propio bat eraikitzea aipatu izan duzue egiturazko konponbide gisa.

Urte asko dira proposatu zela baltsa bat egitea Zuian, neguan zehar ura bilduko zuena, gero, udan, ibaia bakean utzi ahal izateko eta herria baltsaren bidez hornitzeko. Ura agentziak garatua dauka proiektua, baina gaur gaurkoz beste alternatiba batzuk ari gara aztertzen, inpaktu gutxiago izango luketenak. Ura eta Amvisarekin lanean gabiltza Amvisaren sarera konektatu ahal izateko. Pantanoetako ura litzateke, eta Amvisaren Arakako zentraletik bideratuko genuke Zuiara.

Baltsa eraikitzearen ordezkoa litzateke konponbide hori?

Bai. Azken urte eta erdian Urarekin izandako elkarrizketetan irten da aukera. Uste dugu inpaktu gutxiago izango duela ingurumenean, eta gastu ekonomiko nabarmen txikiagoa. Pentsatu dugu baltsaren ideia bazterrean utzi behar dugula eta konexio linea horretan lan egin oraintxe bertan. Amvisako sarera lotzea behin betiko konponbidea litzateke.

"Behin betiko konponbidea litzateke Amvisaren sarea Zuiarekin lotzea"

Jakin daiteke nora doan dagoen ur gutxia? Zertan erabiltzen da?

Zaila da jakitea. Udalerrian familia bakarreko etxebizitza asko dago, beren lorategi, baratze edo igerilekuekin, kasu batzuetan. Bestetik, etxebizitzetako gastu normala dago, oinarrizko beharrei lotua. Gu saiatu gara kontzientzia sortzen herritarrengan, saihestu ditzaten aparteko gastuak, lorategiak ureztatzea, igerileku partikularretako ura berritzea, autoak garbitzea,... beharrezkoak ez diren gastuak kentzea da gakoa.

Zein izan da herritarren erantzuna?

Hasieran izan ziren kexak, gauez ura moztu behar izan genuenean. Baina herritarrek ere ikusi dute ibaia lehor, arazoa benetakoa dela. Uste dut kontzientzia badagoela, nahiz eta jakin herritarren ehuneko bati oraindik bost axola zaiola, eta badaudela gure ustez arduratsuak ez diren kontsumoak.

Noiz arte aurreikusten duzue mantentzea neurriok?

Eguraldiaren araberakoa izango da. Azken asteetan euria zegoen emanda, baina Zuian lau tanta besterik ez dugu ikusi. Hala ere, iraila heltzean jaitsi egiten da gure eguneroko kontsumoa, udalerrira uda pasatzera etortzen diren asko beren herrietara itzultzen direlako. Murrizketa horrekin, eta laster euria egiten badu, espero dugu lasaiago egon ahal izango dugula, ez ibili behar izatea egunero ur biltegiaren mailari begira.

Abeltzainen protestak ikusi ditugu lehorteari lotuta. Zuian nabaritu da?

Nabarmen, bai. Landa eremua izanik, abeltzainentzako ura ere asko murriztu da. Gainera larreak oso lehor daude, ez da belar askorik hazi eta ezin izan dute negurako jana bildu.

Zein epe dituzue buruan konponbidea lortzeko?

Erakundeen ardura da ahalik eta lasterren bilatzea konponbidea. Espero dut gai izango garela, Zuiako Udala, Ura eta Amvisa, elkarlanean, 2026 amaierarako planifikatua izateko, eta 2027an lanean hasi. Epeak ikusita zaila izango da datorren udarako amaitua izatea, baina ea bideratua dagoen, eraikitzeko zain bada ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago