Harrikada festibalak uztailaren 17tik 19ra bitartean egingo du bere laugarren edizioa Izarrako Ostuño parkean, Urkabustaizen. Beste urte batez, egitarauak musika elektronikoa, arte garaikidea eta ikuspegi politiko zein komunitarioa bilduko ditu, bertako eta nazioarteko artistak elkartuz.
Eszenatoki nagusian hiru live set izango dira, eta Lady Starlight estatubatuarra izango da kartelburua. Edizio honetan emakumezko artisten presentzia nabarmenduko da; bertan izango dira, besteak beste, Anne, Blanka, Dj Maria, Amphia eta Kala Ros. Horiekin batera, Kika1000, Gauak (live set), Disordex eta Puñales tokiko eszenako izenak gehitu dituzte programaziora.
Musika eskaintzaz gain, diziplina anitzeko jarduerak antolatu dituzte. Udal igerilekuan musika, drag show-ak, dantza eta kontzertuak egongo dira, eta festi-gune osoan zehar performanceak, tailerrak eta instalazio artistikoak jarriko dituzte.
Harrikada kultur elkarteak sustatutako proiektu honek urte osoan zehar izaten du jarraipena, Euskal Herriko hainbat txokotan Harrika jaiak antolatzen baitituzte. Antolatzaileen esanetan, jaialdiak ikuspegi queer eta transfeminista du ardatz, eta zirkuitu hegemonikoetatik kanpoko artista zein kolektiboei lekua egitea du helburu, musika industriaren barruko bazterketa dinamikei aurre egiteko.

