Oroko santutegian gaude, Murgia herriaren ondoan. Tenplu enblematiko hori muino baten gainean dago, eta hegoaldeko frontean labar txiki bat duen harkaitz bertikala. Horrelako horma harritsuetan fauna oso berezia bizi da: hegazti harkaiztarrak. Aste honetako gonbidatua Flack da, lau urteko sai zuria (Neophron percnopterus), horma hauetan jaio zena, 2022ko ekainean. Oraindik gogoratzen du habiatik salto egin baino egun batzuk lehenago bere bizitzako sustoa hartu zuela: ornitologo batzuek motxila itxurako GPS bat eramateko aukeratu zuten (telefono mugikor txiki bat bezala), bere bizitza aztertu eta zer arriskuri aurre egin behar dion jakiteko.
Kaixo Flack! Azalduko diguzu nor zaren eta zertan ari zaren?
Sai zuria naiz, baina "sai jakintsua" ere deitzen didate, tresnak erabiltzeko gai naizelako; aurkitzen ditudan arrautzak harrikadaz apurtzeko gai naiz, oso gozoak dira, batez ere ostrukenak! Ah! Ez al nizun esan negua Afrikan pasatzen dudala? Bai, uda amaitu bezain laster abandonatzen zaituzteten horietakoa naiz, beste hegazti asko bezala. Izan ere, joan den irailean Gibraltarko itsasartean enara jator batekin elkartu nintzen, Aramaiokoa zela esan zidan.
Nola ezagutu zaitzakegu?
Lumaje marroiarekin jaio eta hazi nintzen arren, urte hauetan zehar aldatu egin dut, eta orain kasik gurasoena bezala daukat: zuria naiz hegal beltzekin, eta aurpegia azal horikoa dut, lumarik gabe. Nire lumajeak zikoina batena gogorarazten du, baina txikixeagoa naiz, eta ez ditut hanka eta moko neurrigabe horiek. Txikitan, anaiarekin habian nengoela, bi fraggle ematen genuen (Fraggle Rock ezagutzen ez baduzu, berandu zabiltza!). Aizu, orain gogoratu dut habiatik lehen aldiz salto egin baino egun bat lehenago, bat-batean tipo tximaluze bat agertu zitzaidala eta motxila bat jarri zidala; gero, desagertu egin zen, eta ez dut inoiz haren berri izan. Dakidan bakarra da batzuetan norbaitek begiratuko banindu bezala sentitzen naizela, sentsazio bat besterik ez da...

"Hamabost eguneko bidaian 3.000 kilometro baino gehiago egiten ditut Afrikara"
Zein leku dituzu gustukoen Araban zehar ibiltzen zarenean?
Apirila eta iraila bitartean, Araban barrena ibiltzen naizenean, mendien, larreen eta zabortegien artean entretenitzen naiz. Bai, onartzen dut ez dela erakargarriena, baina zabortegi horietan janari oso gozoa aurkitzen dugu, nahiz eta susmoa dudan ez dela osasungarriena. Agian aurten animatuko naiz bikote bat bilatzen, eta, dena ondo bidean, hemengo labar harritsu batean txitak haztea pentsatzen hasiko gara. Baina ez daukat presarik, zenbait urte geratzen zaizkit aita izateko, zortea badut 20-25 urtera arte ere bizi ahal izango naiz. Entzuna dut 30 urte bete zuen sai zahar bat dagoela. Negua, lehen esan dizudan bezala, Afrikako Sahelen pasatuko dut, Sahararen hegoaldean. Hamabost eguneko bidaian 3.000 kilometro baino gehiago egiten ditut haraino, eta basamortuan barrena ibiltzen naiz non jan eta non lo egin bilatzen, udaberria iritsi eta Arabara itzultzen naizen arte.
Nola elikatzen zara Flack? Zein da zure menurik gustukoena?
Edozein putreri bezala haratustela gustatzen zait, baina ia denetik jaten dut, narrastiak eta intsektuak barne, harrapatzea lortzen badut. Bestetik, ez zait gehiegi gustatzen esatea nola lortzen dudan nire aurpegiko kolore horia. Irudi lezake berez horrela naizela, baina ungulatuen gorotzak (batez ere behiarenak) jaten ez baditut zurbil geratzen naiz, gaixorik banengo bezala. Izan ere, karotenoide deritzen substantzia batzuez kargatuta daude gorotzak, aurpegian tonu distiratsua ematen didatenak, eta landare jatorrikoak dira; beraz, ia-ia belar prozesatua jatea bezala da! Gainera, zenbat eta horiago, orduan eta erakargarriagoak gara emeenzat!
Zer arriskuri aurre egin behar diozu egunerokoan, Flack?
Janari pozoitua aurkitzeari diot beldurrik handiena, badakit nire senide asko horregatik hil direla. Asko erabili izan da azeria edo otsoa bezalako animaliei aurre egiteko, eta hori izugarria iruditzen zait, baina beste espezie askori ere eragiten digu. Lehen askoz gehiago ginen, baina orain zaila da landa guneetan gureetako bat aurkitzea, gero eta gutxiago gara. Elektrokuzioagatik edo kable elektriko edo aerosorgailuekin talka egiteagatik ere hil gaitezke, gero eta gehiago daude zeharkatzen ditugun mendietan; jada ez dute gure ingurunea errespetatzen eta desagertu egiten ari gara. Gainera, oso lotsatia naiz, eta berehala izutu egiten naiz inguruan gauza arraroak ikusten baditut. Sai zuriei ez zaigu gustatzen inork traba egitea mendietako horma harritsuetan gure habiak hazten ari garenean. Sarritan txitak hazten porrot egiten dugu eskalatzaileak agertzen direlako, makinak inguruan daudelako, edo gure aldamenetik paseatzen duen jendea dagoelako. Horretan oso delikatuak gara, bake eta lasaitasun handia behar dugu habiaren inguruan.
"Zaila da landa guneetan gureetako bat aurkitzea, gero eta gutxiago gara"
Amaitzera goaz, Flack. Sekreturen bat kontatuko diezu ALEAko lagunei?
Batzuek "faraoien oilaskoa" deitzen didate, baina niri gehiago gustatzen zait "putre egiptoarra". Kontatzen dutenez, zibilizazio horrek gurtzen gintuen, sakratuak ginen haientzat, eta gu ehizatzea zigortuta zegoen; uste dut oraingo milaka euro baino askoz ere zorrotzagoa zela zigorra... Beste bitxikeri bat aitortu behar dizut: behin baino gehiagotan saiatu naiz daramadan motxila hau kentzen, ez dakidala oso ondo zertarako balio duen, baina arraioa! Ondo lotuta dago! Zeinek daki, agian egunen batean bizia salba ahalko digu niri edo nire kideei. Izan ere, Mauritanian nirea bezalako bat zeraman lagun batekin topo egin nuen, beraz, ez naiz bakarra!
*Hilabete honetako elkarrizketa egiteko Pako Zufiaur ornitologoaren laguntza izan dugu.
GPSaren lana
Flack-en bizkarrean arnes berezi batekin jarritako GPS gailuari esker, gaur egun Europako eta Afrikako kontinenteen arteko bidaiak eta ibilera guztiak ezagutzen ditugu. Badakigu, adibidez, bere lehen bidaia sai zuri helduekin batera egin zuela, joan aurretik Gardelegiko zabortegian janaria bilatzen irakatsi ziotenak; edo Cameros mendilerrotik zihoazenean lau egunez geldirik egon zirela altxatzen ez zen lainoarengatik; eta Afrikan maiz bisitatzen dituela Tindouffeko errefuxiatu sahararren kanpalekuak. Gaur egun, oraindik Flacken bizitzari buruzko datuak jasotzen ari gara teknologia horri esker, eta datu horiei esker hobeto ulertu ahal izango dugu galtzeko arriskuan dagoen espezieak zer behar duen Arabako udetatik eta Afrikako basamortuetatik ez desagertzeko. Edozein egunetan, inguruko mendietan, sai zuri bat ikusten baduzu, adi-adi egon, Flack izan daiteke bikote bila dabilena espeziea iraunarazteko asmoarekin.