Andoni Mutiloa

"Gurean, umorea eta gogoeta pizteko asmoa gakoa dira"

Anakoz Amenabar 2025eko abenduaren 12a

Andoni Mutiloa eta Esti Curiel, musikaleko aktoreak. Argazkia: ELUR ETXEA

'Eros eta Afroditaren aitortzak' antzerki musikala aurkeztuko dute Urkabustaizen, abenduaren 13an. Elur Etxea konpainiaren eskutik, Andoni Mutiloa eta Esti Curiel dira antzezlaneko protagonistak.

Sexu aniztasunaren bueltan, sekretuez, desirez, frustazioez edota konpromisoaz ahoan bilorik gabe arituko dira taula gainean Josu eta Eneritz protagonistak. Musikak lagunduta, umoretik, gogoetarako gaia oholtzan jarri nahi du Andoni Mutiloak sortutako Eros eta Afroditaren aitortzak lanak. Larunbatean, hilaren 13an, 19:00etan aurkeztuko dute Izarrako antzokian.

Sekretu asko entzungo dituzte Izarrara gerturatzen direnek?

Bai. Uste dut kasu honetan izenburuak dezente iradokitzen duela nondik joan daitekeen istorioa, eta ez da kasualitatea, hala nahi genuen. Eros eta Afrodita beharrean, beste bi pertsonaia ezagutuko ditugu, Eneritz eta Josu, eta beraien arlo pribatuko kontuez arituko dira, askotan intimitatean gordetzen ditugun gauza horiei buruz. Hortik, beraz, aitortzak. Eta, Eros eta Afrodita jainkoen antzera, sexualitateari lotutako gaiak izango dituzte hizketagai. Sexu aniztasuna da gaia, baina oraingoan alde intimoenari heldu nahi izan diogu; gure desira, beldur, amets eta  sekretuei buruz, askotan gure bikotekideekin ere partekatzen ez ditugun gauzei buruz, lotsagatik edo igual ulertuko ez gaituzten beldurragatik kontatu ez ditugunak.

Nortzuk dira Josu eta Eneritz?

Ezagunak dira, herri berean bizi direnak. Eta ezohiko leku batean egingo dute topo. Hasieran, glups, momentu deserosoa izango da eurentzat, baina hizketan hasiko dira, eta beraien istorioa kontatuko diote elkarri. Bi pertsonaien gorabeheretan sartzen joango gara, korapiloetan barneratzen, eta pixkanaka horiek askatzen. Umoretik, betiere...

Umorea eta gogoetarako tarterik?

Bai, justu bi osagai horiek dira Elur Etxea gure konpainiaren gakoa. Antzerki taldearen laugarren ikuskizuna da hau, eta segur aski bi elementu horiek garrantzi handia daukate, bai umoreak eta baita gogoeta pizteko asmoak ere. Antzerki musikalaren bitartez egiten dugu, gainera. Ez dugu ezer berririk asmatu, baina ez da ohikoena izaten musikaletan. Nik musikalak oso gustuko ditut, baina askotan iruditzen zait kontatzen diren istorioak nahiko azalekoak izaten direla. Ziurrenik ez dute bilatzen jendeak gogoeta egin dezan gai baten inguruan, eta kasu honetan argi eta garbi hala egin dugu, eta gainera oso formatu egokia iruditu zaigu musikala horretarako

"Sekretu intimoak ez dira gai erosoa, baina umorez erraz iristen dira publikoarengana"

Zein izan zen obraren abiapuntua?

Gaia aspalditik nuen buruan. Are gehiago, gure aurreko ikuskizun batean ere –Sex Sua– abiapuntua berbera izan zen. Sexu aniztasuna zen abiapuntua, baina gero oso forma zehatza hartu zuen. Nire buruan forma hartzen dute, nik oso ondo jakin gabe zergatik. Orduko hartan, gehiago erreparatu genien ligatzeko aplikazioei, sare sozialei, gaur egun nire ustez oso muturrekoa den estetika ereduari... Oraingo honetan, abiapuntu beretik, sexu aniztasunaren esparru zabal horretan gehiago jarri nahi izan dugu fokua harreman heterosexual monogamoak ez diren horietan, eta gehiago zehaztuz, gure arlorik intimoenean, gure ingurukoekin hain erraz partekatzen ez dugun horretan. Kuriosoa da, hasieran bakarrizketa bat izan behar zuen honek, baina nahi gabe ere bi pertsonaia atera ziren, formatu handiagoa behar zuen; eta azkenean hiru lagun gaude taula gainean, bi aktoreokin batera, Iñaki Santos musikaria ere badago.

Nolakoa izan da talde lana? Bakarrik izan zara azkenekoetan...

Hori izan da diferentziarik handiena. Aurrekoetan oholtza gainean ni bakarrik egon naiz, eta laguntza izan dut ikuskizunak sortzeko, baina kanpo begirada bat izan da, entsegu guztietan ez dut beste norbaiten babesa izan. Eta, oraingo honetan, taldea handiagoa da, argi neukan beste zuzendari bat nahi nuela nirekin batera –Miren Gojenola–, entseguetan hor egoteko eta bere irizpidea nolabait ere niretzat babesa izateko. Sinopsia zehaztuta nuen arren, Miren eta Estirekin elkarrekin egin dugun lanketarekin osatu eta findu dugu gidoia. Mirenen ekarpena oso inportantea izan da niretzat obra honetan; berak beti izan du entseguetan ezinbestekoa den kanpoko begirada hori.

Askotan sekretu intimoak entzutea ez da erosoa izaten. Nolakoa izan da publikoaren harrera?

Ez da erosoa izaten, baina umoretik egin dugunez... Sortzea ere ez da erraza izan, zalantza pila bat izan ditut, buelta asko eman dizkiogu, baina harrera oso ona izaten ari da. Orain arte hiru emanaldi eman ditugu, eta oraindik ere martxa hartzen ari gara, baina harrera oso ona izan da, eta horrek niri ere poz handia eta lasaitasun handia ematen dit. "Baina zer gai aukeratu duzue!" esan izan digute gai benetan arantzatsuak lantzen ari garelako obran, baina umoretik egin dugunez, oso modu goxoan, oso erraz iristen dira, eta, aldi berean, zer pentsa ematen duela esan digute...

Antzerki musikala, helduentzat, eta euskaraz. Ez da ohikoa... 

Ez, batere, eta kuriosoa da. Alde batetik, formatu handiko musikalek, eta batez ere izenburu ezagunak dituztenek, arrakasta handia dutelako hiri handietan, eta horietakoren bat Euskal Herrira datorrenean ere harrera ona izaten duelako. Bete egiten dituzte antzokiak, eta sarrera garestiak izanda gainera. Gero, bitxia bada ere, Euskal Herrian ez da sortzen musikalik ia, euskaraz are gutxiago, formatu txikikoak eskas, eta gogoeta pizten duten gaiak plazaratzen dituztenak are gutxiago. Horregatik gure ekarpena ere bada hau nolabait.

'Esnatu naiz' kabaretarekin hasi zinen herriz herri, arrakastaz, eta musikalekin jarraitzen duzu...

Oso musikal zalea naiz. Aurreko lanetan ez zen asmoa, baina gero azkenean musikak bere lekua egin zuen, eta oraingo honetan bai, argi eta garbi, ze demontre, musikalak maite ditut. Eta ez bakarrik ikusle bezala edo antzezteko; abestiak sortzea eta abesti horietan oinarrituta eszenak sortzea niretzako da sormen prozesuak daukan lanik ederrenetako bat. Kristona da! Ikusle moduan, herenegun berriz ikusi nuen Cabaret, nire film gogoenetako bat; askotan ikusi dut, baina ez naiz nekatzen, sekulako gaurkotasuna duelako gainera.

Irratia utzi eta arte eszenikoetara jauzi egitea erabaki zenuen, eta pozik nabari zaizu...

Alde batetik, poz-pozik nago. Eta, beste alde batetik, aitortu beharra daukat oso gogorra dela. Oso ederra eta oso gogorra. "Non demontre sartu naiz? Merezi al du?", galdetzen diot nire buruari... Oraingoz behintzat argi daukat egiten ari naizena egiten jarraitu nahi dudala. Ez naiz damutzen hartutako erabakiaz, baina etorkizunean auskalo...

Antzerkirako gonbidapenak webgune honetan eskuratu daitezke.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago