Bigarren zigor espedientea ireki dio Gorbeialdeko Kuadrillak zaborra biltzen duen enpresari

Erredakzioa 2025ko api. 11a, 15:41

Zabor bilketaren kalitate eskasagatik zigor espedientea zabaldu du Gorbeialdeko Kuadrillak. Aragazkia: ALEA

Iazko abuztuan jarritako lehen zigor espedientea errekurritu du Daorje S.L.U. enpresak auzitegietan, eta oraindik ebatzi gabe dago auzia.

"Enpresak eskainitako zerbitzuak ez du betetzen gutxieneko kalitate mailarik". Hori izan da Gorbeialdeko Kuadrillaren azken osoko bilkurak eman duen arrazoia hiri hondakin solidoen bilketa eta garraioa egiten duen Daorje enpresaren kontra bigarren zigor espedientea abiatzeko. Aho batez erabaki dute espedientea irekitzea.

Kuadrillak ohar baten bidez azaldu du, datozen egunetan, kontratistak aukera izango duela alegazioak aurkezteko, baita kuadrillak osatutako txostenean jasotako arau hausteak eta ez betetzeak ezetsi edo argudiatu ahal izateko ere. Iragan urteko abuztuan, kuadrillak beste zigor espediente bat abiatu zuen Daorjeren kontra, eta oraindik ebatzi ez den errekurtsoa jarri zuen enpresak auzitegietan.

Etorkizuneko aukerak

Gorbeialdeko Kuadrillak azaldu duenez, dagoeneko hasi da aztertzen kontratu hori amaitu eta gero zabor bilketa kudeatzeko plana zein izan daitekeen, eta txostenak agindu ditu edukiontzi guneak eta jasotzeko ibilbideak hobetzeko eta etorkizuneko kudeaketa ereduen inguruan. "Aspalditik dator arazoa eta bide judizialak luze joko du, oraindik ere" adierazi du Agustin Otsoa Eribeko kuadrillako presidenteak, "dena delarik, buru belarri gabiltza kuadrilla zein udal guztiak zerbitzu hau Gorbeialdeko bizilagunek merezi duten kalitateaz eskaintzeko lanean”.

Ildo horretan, aurrekontu zuzkidura berri bat onartu du kuadrillako osoko bilkurak partaidetzarako teknikari bat kontratatzeko, "lagunduko baitu hondakinen bilketarako zerbitzuak izan beharreko aldaketak hiritarrekin partekatzen eta gizarteratzen".

Erlazionatuak

Zientoka akats paper bilketan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute mar 13 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago