Zientoka akats paper bilketan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025ko mar. 13a, 08:00

Iazko martxoan, Daorjeko langileek greba egin zutenean, herrietako edukiontziek gainezka egin zuten. Argazkia: ALEA

Mila kexa inguru erregistratu ditu aldundiak urtebeteko epean, Arabako papera eta kartoia biltzen duen enpresaren akatsengatik. Aldundiak kuadrillei proposatu die zerbitzua bere gain hartzea, eta gainerako hondakinekin batera kudeatzea. Berehala espero du kuadrillen erantzuna.

Ehunka kexa jaso ditu aldundiak azken urtean Gasteiztik kanpo Arabako papera eta kartoia jasotzen duen Daorje enpresaren akatsak salatuz eta edukiontzien bilketarekin dauden arazoak azaleratuz. Izan ere, aldundiak berak onartu du enpresari jakinarazi diotela gaur egun zerbitzu hori ematean "hutsuneak" daudela, "bai adjudikazio kontratuan, zein horren baldintza teknikoen agirian ezarritakoaren arabera".

952 kexa jaso ditu aldundiak, urtebeteko epean, posta elektroniko bitartez

Otsaila amaieran Arabako Batzar Nagusietara EH Bilduren eskariz bidalitako txostenean, Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren saileko foru diputatu Saray Fernandez de Zaratek azaldu du papera eta kartoia biltzeko zerbitzuarekin lotutako hogei kexa edo idazki jaso direla, aldundiaren erregistroaren bidez. Bestalde, posta elektronikoaren bidez, 952 mezu jaso dira iazko otsailaren 1etik aurtengo otsailaren 12ra bitartean. Denbora tarte horretan, gainera, erregistroan jasota agertzen ez diren salaketa gehiago egon direla azpimarratu du diputatuak: "Nabarmentzekoa da idatziz jasotako kexa ofizialez gain, dela erregistroz, dela posta elektronikoz, telefonoz eta WhatsApp bidez jakinarazitako gorabehera ugariri erantzun zaiela, kexen barne erregistroan sartzen ez direnak".

Jasotako kexa horiek udalek, kuadrillek, kontzejuek eta herritarrek bidali dituzte, jakinarazitakoaren arabera: Aramaioko Udala, Maeztuko Administrazio Batzarra, Aiaraldeko Kuadrilla, Urkabustaizko Udala, Axpuruko kontzejua, Luzuriagako Administrazio Batzarra, Iruña Okako Udala, Lautadako Kuadrilla edo Mendialdeko Kuadrilla daude kaltetutako erakundeen artean.

"Finean, guk jasotzen ditugu herritarren kexak, eta logikoa dirudi zerbitzu hori guk ere eman ahal izatea"

Aldunditik azaldu dutenez, kexa horien guztien jarraipena egin dute, konpondu arte. "Arabako Foru Aldundiko zerbitzu teknikoek kexa baten berri izan ondoren, lehenbailehen jakinarazi diote Daorje enpresari, konpon dezan". Nolanahi ere, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak "bere teknikarien, laguntza teknikoaren eta foru zaintzaile baten etengabeko presentziaren bitartez, jakinarazitako gorabehera guztien jarraipena egin du, konpondu arte; eta toki erakundeek eta partikularrek sumatu ez dituzten beste batzuk ere identifikatu dituzte", argitu du diputatuak.

Errefortzuen beharra

Horrez gain, aldundiak bigarren enpresa baten zerbitzuak kontratatu behar izan ditu garai zehatz batzuetan, papera eta kartoia metatzeak eragindako premiazko egoerei erantzuteko. Bastidako Udalak ere edukiontzietatik gertu dauden tokietan metatutako kartoia kentzeko errefortzu bat kontratatu behar izan zuen iragan abuztuan, herriak "zabortegia" zirudielako, alkateak adierazi zuenez.

Daorje enpresarekin dauden arazoak ez dira berriak Arabako herrietan, baina iragan otsailean areagotu egin ziren. Orduan, Daorjeko langileek aparteko orduak egiteari utzi zioten, lan hitzarmenean hobekuntzak lortzeko eta aparteko ordu horiek dagokion prezioan ordaintzeko exijituz. Uztailean, berriz, akordio bat sinatu zen enpresaren eta langileen artean, baina arazoak ez dira guztiz konpondu. Izan ere, Ingurumen Sailak gutxienez bi zehapen espediente ireki ditu, 2024ko ekainean jazotako kexengatik, enpresa zigortzeko.

 
Edukiontziak aldatzeko premia

Bestalde, bilketan egindako akatsez gainera, begi bistakoa da edukiontzien "parkea" aldatzeko premiari ere diola erantzuten enpresak, nahiz eta diputazioarekin sinatu zuen kontratuaren ardatz nagusia bilketa sistema aldatzea izan. "Kontratuaren funtsezko zatia da gaur egungo bilketa sistema aldatzea, karga bertikaleko eta kako bikoitzeko edukiontzien ordez, karga bertikaleko edukiontziak jarriz, Kinshofer bidezko katigatze sistemarekin, horiek egokiak baitira bilketa bertikal automatizatua eta aldebikoa egiteko". 

2023ko ekainean esleitu zion aldundiak Daorje enpresari papera eta kartoia jasotzeko edukiontziak kudeatzeko kontratua, urtean 9.500.000 euroko aurrekontuarekin, eta hamar urteko epearekin. Zerbitzuak barne hartzen du Araba osoan eta probintzia mugakideetako zenbait herritan (Nafarroan eta Bizkaian), eta Trebiñuko Konderrian ezarritako edukiontziak. Gasteizko udalerrian soilik hirugarren adinekoentzako foru egoitzetan kokatutako zortzi edukiontziak jasotzen dituzte; eta Laudioko, Amurrioko eta Artziniegako atez ate komertzialak, baita Arabako Foru Aldundiaren bulegoetan (Gasteizko udalerrian) papera eta kartoia ere. 

Hondakinak biltzeko sistema aldatzeko premiak gaurko paperaren eta kartoiaren edukiontzien egoera eskasari eta zerbitzuaren egoera prekarioari erantzuten dio. Arabako Foru Aldundiak berak 2022ko txosten batean jaso duenez: "Gaur egun, edukiontzien flotaren %90 baino gehiago amortizatuta dago, eta edukiontzien %27 soilik dago egoera onean. Erositako azken edukiontziak 71 baino ez dira, eta 2017 eta 2021 urteen artean erosi ziren".

Beraz, bilketa sistema aldatzeko kronograma bat ezarri zuen aldundiak kontratuan, eta enpresak lizitaziora aurkeztu zuen plegu teknikoan ezarritako gutxieneko epe horiek nabarmen hobetu zituen.
Kronograma horren arabera, edukiontzi guztiak (1.080) ordeztu behar ditu Daorjek, eta 50 edukiontzi mugikortasun urriko pertsonentzat ere egokituta egongo dira. Horietatik, 464 edukiontzi 2024ko ekainerako ordeztu behar zituen enpresak; eta gainerako 616 edukiontziak kontratua formalizatu eta laugarren urtea baino lehen. 

Halaber, edukiontzien kopurua handitu behar zuen enpresak, 294 edukiontzi guztira, udalerrien behar berriei erantzuteko. Epeak ere ezarrita daude kontratuan: 164 edukiontzi berri jarri behar zituen Daorjek 2024ko ekaina baino lehen; eta beste 130 edukiontzi kontratuaren aldi osoan zehar eskuragarri jarri behar zituen, Diputazioaren premia berriei erantzuteko.

Edukiontzi berririk ez

Alta, edukiontzi berrien berririk ez dute izan gaur gaurkoz Arabako herri gehienetan. Agustin Otsoa Eribeko Gorbeialdeko Kuadrillako lehendakariak ALEAri berretsi dio edukiontzi berriak ez dituztela jarri. "Zerbitzua oso modu prekarioan ematen ari dira; batzuetan langileek furgonetan ere kartoia eta papera jasotzen ibiltzen dira herriko edukiontzietan", azaldu du. 
Gorabeherak eta arazoak etengabe izaten dituzte Gorbeialdeko herrietan kartoiaren eta paperaren bilketan. "Grebaren ondoren, ez nuke esango arazoak konpondu direnik, itxurazko normalitate berrira itzuli gara, baina arau-hausteak eta arazoak etengabekoak dira", azaldu du Kuadrillako lehendakariak.

"Finantzaketa baldin badago, ziurrenik, errazagoa da gertuen dagoen erakunde batek kudeatzea"

Abuztuan bertan, Gorbeialdeko Kuadrillak 145.000 euroko isuna (urteko fakturazioaren %4) jarri zion ere Daorje enpresari, hiri hondakinen "zerbitzuan antzemandako akats eta ez-betetzeengatik". Gorbeialdeko Kuadrillak, gainera, maiatzeko eta ekaineko fakturak itzuli zituen, zerbitzuan izandako akatsengatik, eta benetan egindako zerbitzuen fakturazioa eskatu zion enpresari.

Diputaziotik, kuadrilletara

Gorbeialdeko Kuadrillako lehendakariak azaldu duenez, arazoa konpontzeko, Arabako Diputazioak lurraldeko kuadrilla guztiei proposatu die paperaren eta kartoiaren bilketaren inguruko eskumena bere gain hartzea eta gainerako hondakinak jasotzen dituzten enpresen bitartez kudeatzea. "Finean, guk jasotzen ditugu herritarren kexak, eta logikoa dirudi zerbitzu hori guk ere eman ahal izatea". 

Artziniegako alkate Joseba Vivancok ere berretsi du langileen grebak iraun zuen hilabeteetan izan zituztela arazorik larrienak herrian eta Aiaraldea osoan, papera eta kartoia metatzen zelako edukiontzien ondoan. "Gaurko egoera ere ez da ideala, baina hobetu da", esan du. Diputazioak kartoiaren bilketa kuadrillen esku uztea begi onez ikusten du Vivancok: "Finantzaketa baldin badago, ziurrenik, errazagoa da gertuen dagoen erakunde batek kudeatzea zerbitzu hori, gainerako beste hiri hondakinen bilketarekin batera. Aiaraldeako Kuadrillak oraintxe lizitatu du hondakinen bilketa, bi milioi euroan". 

Arabako Foru Aldundiak berehala espero du kuadrillen erantzuna.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago