Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak onartu egin du Serunion enpresak jarritako errekurtsoa, eta baliogabetu egin du Hezkuntza sailaren 2023ko azaroaren 21eko ebazpena, arau hauste larri batengatik isuna ezarri zuena, zuzenbidearekin bat ez datorrelako. Ikasbidea ikastolako menu batean intsektu baten (plodia interpunctella) material genetikoa topatu zelako, 40.000 euroko isuna jarri zion Eusko Jaurlaritzak Serunion enpresari.
Epaia irmo da, legezko epea igaro ondoren ez delako errekurtsorik jarri Auzitegi Gorenean.
Ikasbidea ikastolako hezkuntza komunitatearen salaketa publikoaren ostean, Hezkuntza sailak zigorra ezarri zion Serunion enpresari, argudiatuz gertakaria "bereziki larria zela, erabiltzaileen osasunean zuzeneko eragina izan zezakeelako", kasu honetan adingabeak baitziren, eta haien osasunean "izan zitzakeen ondorioengatik".
Enpresak EAEko Auzitegi Nagusian aurkeztutako errekurtsoan, ez du ukatu laginetan plodia interpunctellako material genetikoa aurkitu zela, baina bai errefusatu du gertakariak zerikusia duela "osasunerako zuzeneko garrantzia duten zerbitzuen kalitate desegokiarekin edo eskasarekin".
Jaurlaritzak ez du frogarik aurkeztu
Auzitegiaren irudikoz, Jaurlaritzak ez du aski froga aurkeztu ondorioztatzeko enpresak emandako zerbitzuen kalitateak osasunean zuzeneko eragina izan zuela. Auzitegi Nagusiak zehaztu duenez, administrazioak ez du "intsektu horrek janarian izan ditzakeen ondorio kaltegarriei buruzko txostenik aurkeztu".
Ebazpenak jaso duenez, "ez da nahikoa kontratistak emandako zerbitzuen kalitatea desegokia edo eskasa izatea, baizik eta, gainera, horrek osasunean zuzeneko eragina izatea". Bada, "bigarren elementu hori administrazioak ez du inola ere arrazoitu edo justifikatu", gogorarazi du auzitegiak.
Aldiz, EAEko Auzitegi Nagusiaren sententzian jasotzen denez, Serunionek bi txosten aurkeztu ditu, bata Biotecnaleko Kalitate Sailak egin du, eta bestea Valentziako Unibertsitateko zoologiako irakasle titular batek. Horien arabera, plodia interpunctella egotea ez da kaltegarria osasunerako. Aldiz, Eusko Jaurlaritzak ez du aurkeztu bi txosten horien ondorioei kontra egiten dien "froga elementurik", eta ez du aurkeztu "intsektuen material genetikoa osasunarentzat arriskutsua dela frogatzeko txostenik".
Halaber, EAEko Auzitegi Nagusiak gaineratu duenez, Hezkuntza sailak "justifikatu egin nahi du Serunionek behin eta berriz urratu dituela gutxieneko kalitate baldintzak", baina "ez da inoiz zehazten zeintzuk izan ziren urratzeak, ezta noiz gertatu ziren ere". Auzitegiaren arabera, ordea, "inolako froga euskarririk ez duten baieztapenak baino ez dira egiten, eta horien aurrean ezinezkoa da auzi jartzaileak bere defentsa eskubidea behar bezala egikaritzea".