Bueltan da Harrikada festibala, tekno jaialdi queer eta feminista. Uztailaren 26tik 28ra ospatuko dute, aurten Izarran, Ostuño parkean. Jaialdia antolatzeaz gain, kontrakultura mugimendua garatzen ari dira tekno eta larruzko jantzi artean. Duela urte batzuk proposamen berritzaile eta agian arrotza zena lekua egiten joan da azken urteetan Euskal Herrian.
Queer, genero disidentzia, BDSM eta fetitxismoei lotuta, "dantzalekuen askapena" aldarrikatzen du Harrika kolektiboak. Ez zuten hasiera erraza izan, Uxue Alonso Alvarado kideak kontatu digunez. "Euskal Herria aurrerakoia da gauza batzuetan, baina oso kontserbadorea beste batzuetan". Kosta omen zaie horri buelta ematea. Mundua, eta jai giroa, heteroarauaren arabera egina dauden honetan, genero disidente eta "identitate subertsiboentzako" espazioa bermatu nahi izan dute azken urteetako jardunarekin.
Egun ohikoagoa izan badaiteke ere, jendearentzat arrotza omen zen hasieran. Gasteiz txikia da, "denok ezagutzen dugu elkar", eta pertsona ezagun bat "titi bistan ikustea" arraroa zela aitortu digute antolatzaileek. Baina normalizatzea lortu dute, normalizatzen hastea gutxienez. Espazio segurua sortu nahi izan dute, bakoitzak izan nahi duena segurtasun eta lasaitasunez bete ahal izango duen "oasia". Euskal Herria erreferentea izan bada ere feminismoan eta antzeko borroketan, musikaren esparruan beldurra sumatzen zuten oraindik halako proposamenen aurrean, eta hori apurtzera etorri dira. "Asko dago borrokatzeko".
Harrikadaren hastapenak
2018an egin zen lehen esperimentua, Garaion Sorgingunean, lehen Harrikada festibalean. Berlindik ekarritako "ideia zoroa" garatzea lortu zuten, baina oso txikia izan zen. "Ez zen gaizki atera, baina zaila izan zen mezua helaraztea", Alonsoren esanetan. Hala ere, bidea zabaltzeko balio izan zuen jaialdi hark. Aurrekari garrantzitsu horren ondorioz sortu zen Harrika kolektiboa, eta jarraipena eman diote proiektuari.
25 kide inguruk osatzen dute Harrika egun. Bi urtez, formatu txikiagoko jaiak egiten aritu dira hilabetean behin, bigarren ostiraletan, Jimmy Jazz aretoan gehienbat. "Jendeak badaki nor garen, zergatik egiten dugun egiten duguna". Aurten bidea landua dago, eta lasaiago daude Harrikada jaialdiari begira, "aldea egongo da aurrekotik".
Mugimendu Feministaren eta LGTBQ+ kolektiboaren onarpena izan dute beti, "hasieratik izan dira Harrikaren parte", eta horrek lagundu omen die aurreiritziak gainditzen eta jendearengana gerturatzen. Gizartean eraldaketa soziologikoa eman dela ikusten dute, eta horren parte izan da Harrika.
Askapen mugimendua
Dantzalekuek askatu beharra zeukaten galdetuta, Alonso Alvaradok gogorarazi du jai giroa oso maskulinizatua dagoela, eta Euskal Herria ez da salbuespena. Harrikatik aitortza egin nahi izan diete emakume eta genero disidenteeti, gorputz disidenteei, jaien espazioa haiena ere badela aldarrikatzeko. "Lehen lerroan gainera, ez gara beti atzeko partean egon behar". Zaintza taldea ere badute, elkarren zaintza eta lagunez arduratze hori, beti bazterrean egin izan dena, ikusarazteko helburuarekin.
Asko hobetu da giroa azken bi urteetan, hasieran sekulako arazoak izaten omen zituzten jendeari ulertarazten zein zen jaialdiaren esentzia. Ezin dela grabatu, lehen lerroak ez direla gizon heteronormatiboentzako eta atzerago joan behar dutela, kosta da jendeak barneratzea. "Noski, hasi zaitez, goizeko bostetan, kristoren atxurrarekin, feminismo klasikoari buruzko hitzaldia ematen norbaiti". Orain, hurbiltzen den jendeak "badaki zertara datorren".
Ahalduntze prozesu handi bat da, estetika aldetik eta baita aske sentitze aldetik ere. "Baina merezi du, guztiz", dio Alonsok. "Bost axola dit" da jarrera, eta ahalduntze izugarria ekartzen duela azaldu du. Prozesu bat izaten da, noski. Jendea lehen aldiz Harrikara hurbiltzen denean "leopardo kamiseta bat eramaten du agian, ez askoz gehiago". Baina bigarren edo hirugarren aldian jada joaten omen dira erdi biluzik, latex estetikarekin. Bilakaera ikusten dute jendearengan, gustua hartzen omen diote azkar asko.
Kontrakultura mugimendua
Mugimendu berria sortzen sumatzen da Euskal Herrian. Bilbon eta Donostin ere, adibidez, gauza antzekoak proposatzen ari dira beste kolektibo batzuk eta, Alonsoren hitzetan, musika eszena urbanoaren igoerak ere buelta bat eman dio euskal kulturari. Izaera politikoa mantendu beharra argi dute Harrikan, moda hutsean gelditu ez dadin. Teknoa beti izan da baztertua, marginala, eta ez dute hortik aldentzeko asmorik.
Makrojaialdien inguruko eztabaida pil-pilean dago Euskal Herrian, jaialdi eredu ezberdinen arteko talkak. Harrikan argi dute haiek gertutasuna, segurtasuna eta lasaitasuna bermatu nahi dituztela, "makrojaialdietan bermatu ezin direnak". Jai herrikoi txikiak, autogestionatuak, dituzte erreferentetzat, eta horiei aitortza egin nahi izan diete. "Ez daukagu milioiak ordaintzen dizkigun sponsor aberatsik".
Urriaren 26, 27 eta 28an, Izarrako Ostuñon izango da topaketa handia. Harrika kolektiboaren "eskizofrenia musikalaz" gozatzeko aukera izango da, artista ezberdinekin eta, batez ere, "familia giroan". Hiritik kanpora atera nahi izan dute, landa eremuari aitortza egiteko. "Ez da soilik gaua, jaia, musika eta alkohola" izango, egunean zehar ere publiko guztientzako ekintzak egongo dira: igerilekua, ikastaro ezberdinak, artisau azoka eta bestelakoak. "Mundua deseraikitzeko dago oraindik, eta guk ere asko daukagu ikasteko. Bidea egiten jarraituko dugu".