Hiri handi batean jaioa eta hazia, Iñaki Albak (Madril, 1992) argi zeukan txikitatik mendian bizi eta artzain izan nahi zuela. Gorbeialdeko Apodakan finkatu da orain, eta Gomiztegiko artzain eskolan (Oñati, Gipuzkoa) ikasi zuena praktikan jartzen ari da Buruaga arditegian, gaztagintzaren sektorean. Azken denboraldian, gainera, Urbasako mendietan ere egon da lanean.
Zerk bultzatu zintuen Madriletik atera eta Apodakara etortzera artzaintzan jarduteko?
Nire familia urtero etorri da Apodakako baserri honetara oporretan, eta beti ikusi ditut jezteko behiak, txerriak… Ganaduarekin zerikusia zuen guztiak beti eman dit arreta. Madrilgo ikastetxean artzaina izan nahi nuela esaten nuen, baina hor jende gehienak ez du inoiz ikusi behi bat. Gainera, 2020an pandemia etorri zen, eta jende ugarik erabaki zuen landa eremuetara joatea. Ni haietako bat izan nintzen, eta uda hartan Apodakara etorri nintzenean esan nion nire buruari ez nintzela berriro hirira itzuliko.
Nola lortu duzu sektorean barneratzea? Nola hasi zinen?
Apodakara etortzen nintzen bakoitzean familiari laguntzen nion, baina profesionalki ganadutegi batean lan egiten hasi nintzen Xabier Aizpeolea gazta produktore ezagunarekin. Buruaga arditegiko gerentea da bera, eta harekin lan egiteko aukera eskaini zidan, interesa nuela bazekien-eta. Artalde handi batekin ez ezik, zaldiekin eta behiekin ere egiten du lan. Beraz, gehiago trebatzea eta ezaguera gehiago lortzea nahi nuelako, artzain eskolan izena ematea erabaki nuen.
Nolako esperientzia izan zenuen artzain eskolan?
Hastea kostatu zitzaidan: informazioa lortzea, motibazio gutun bat egitea, izena ematea… Baina azkenean lortu nuen, orain dela bi urte. Nire promozioarekin eskolak 25 urte bete zituen, hain zuzen. Eta edukiei dagokienez oso ondo dago hainbeste esperientziarik edo aldez aurreko ezaguerarik ez dutenentzat: ardiak nola elikatu, izan ditzaketen gaixotasunak nola tratatu, esnea hartzea eta gazta egitea… Alde teorikoa badauka, baina gehiena praktikak dira, eta ustiategi asko bisitatu genituen praktikatzeko asmoarekin. Eskola latxa ardira eta Idiazabal gaztaren ekoizpenera dago bideratuta batez ere, tradizionalki hemen egin dena baita.
"2020an Apodakara etorri nintzenean nire buruari esan nion ez nintzela hirira itzuliko"
Kulturalki, abeltzaintzak hemen behar besteko pisua daukala uste duzu?
Bai, Araban tradizioa eta gure ohitura propioak babesteko kultura daukagula uste dut. Ardi latxaren irudia oso ongi ikusia dago, eta harro gaude, baina, aldi berean, beste ustiategi batzuetan ikusi dudana falta zaigula uste dut. Iparraldean, adibidez, tokiko produkzioa eta belaunaldien arteko erreleboa garatuagoak daude. Bertan abeltzaintzari ematen dioten garrantziak harritu ninduen, nola babesten eta bermatzen duten. Hemen joera badago, baina beste leku batzuetan nabarmenagoa da. Zero kilometroko produktua eta produktu ekologikoaren alde egiten ari gara orain Kantauri isurialdean, gero eta gehiago, baina abeltzaintzaren sektorea ez da hainbeste zaintzen.
Nolako egoera bizitzen ari da lehen sektorea gaur egun, aipatu duzuna kontuan hartuz?
Oso egoera txarra, bai. Hasteko, nik artalde propio bat edukitzeko lekua badaukat: inbertsio txiki bat eginda, nire ukuiluan hainbat ardi sartzen dira. Arazoa da oraingo legeriarekin ezin dudala ustiapen bat garatu hirigunetik gertu, eta behartzen nautela pabiloi bat eraikitzera. Honek inbertsio askoz handiago bat dakar, noski, eta horrela ezin dugu lehiatu multinazionalekin. Enpresa handiek nahi dutena egin dezakete lursailekin.
Proiektu handia egitera behartzen zaituzte, beraz?
Auzia tamainaz harago doala uste dut. Gauza da hemen badaukadala tokia nire ustiapena jartzeko, baina beste leku batean jartzera behartzen nautela. Horrek esan nahi du baimenak eskatu behar ditudala, administrazioak onartzea… Oso konplexua da, inbertsioaz eta diruaz gain. Badago Gaztenek ekimena, Euskadiko lehen sektorean lanean hasten diren gazteei laguntzeko, baina hala ere izugarri zaila da. Gainera, ekoizpen kostuak asko hazi dira azken urteetan. Animalientzako bazka, esaterako, iaz asko garestitu zen. Arkume batek berdin-berdina balio du orain eta orain dela 40 urte, baina, ordea, ekoizteko inbertitu behar dena bikoiztu egin da. Beraz, ez da artaldea erostea eta listo. Hori uste nuen nik ere, baina ez bada negozioa oinordetzan jasotzen, zaila da aurrera egitea.
Nola egiten du artzain batek bere lanbidea aurrera ateratzeko? Etorkizunik badago?
Ez da erraza esatea, baina argi dago lana dakarrela. Bizimodu bat da artzaintza, eta ezin da lan arrunt bezala hartu, 365 egunetan lan egin behar baitugu. Oso polita eta atsegina da, azken finean jendea elikatzen dugulako, baina ordu asko eskaini behar ditugu eta ez da bereziki ongi kobratzen. Etorkizunari dagokionez, gauza bat argi dago: ekoizpen txikiak ixten ari dira. Ez dakit ideia orokorra makroetxaldeak eraikitzea den eta ekoizpen guztia intentsiboki lantzea; lau multinazionalek dena kontrolatzea, eta listo. Imajinatu animalia guztiak pilatuta pabiloi batean, atera gabe! Dena den, sistema ziklikoa dela uste dut: koronabirusaren pandemiaren ondoren hobekuntzak egon dira eta jende asko landa eremuetara itzuli da. Beraz, edo abeltzaintza tradizionalera itzultzeko joera indartzen da, edo haragi transgenikoa jaten hasiko gara.