Eskualdean euskararen bueltan urtero erreferentziazko hitzordua izan ohi den Zuia Euskaraz ekimenaren egun nagusia larunbatean egingo dute, Murgian.
Iaz aurrenekoz catering bidez antolatu zuten eguneko bazkaria, eta, esperientzia ikusita, formatu horrekin errepikatu nahi izan dute aurten, Gorbeialdeko Kuadrillako euskara teknikari Manex Agirrek azaldu duenez. "Izena emanda, gutxienez badakizu zenbat jende etorriko den, eta horrek gauzak errazten ditu". Dena dela, aurreratu du ondoren balorazioa egingo dutela; horren arabera, ez dute albo batera uzten nork bere bazkaria eramateko aurreko formatura itzultzea.
Musika tresna tailerrarekin hasiko dute eguna, Jesusa Enea parkean. Manurgako Rezikletas taldeak martxan duen Turukutupa proiektuaren baitan, birziklatutako objektuekin musika tresnak sortuko dituzte bertan. "Saiatzen gara adin tarte guztiak aintzat hartzen, eta hau txikienei begira planteatuta dago". Kasu honetan, izena ematen dutenean, ume eta familiei tailerrera eraman ditzaketen materialen ideiak ematen dizkiete: "plastikozko botilak, kartoizko kutxak eta horrelakoak". Ondoren, Bizkaiko gaiteroekin kalejira egingo dute, eta Gorbeiako Zortzikoarekin batera topa egingo dute Jesusa Enean.
Zirkua eta koplak
"Bazkariaren ondoren, Altxa kopla hori! saioa egingo dugu. Arabako Bertsozale Elkartearen proiektu bat da hau. Lau bertsolari egongo dira, eta, bertsotan beharrean, koplatan egongo dute. Hau da, bertso erdiak egingo dituzte, formatu arinago batean. Musikatua izango da, gainera", aurreratu du Agirrek.
Ondoren izango duten zirkua ere "oso berezia" izango da. Izan ere, Azirkarte eta Ikiriki elkarteen eskutik, dibertsitate funtzionala duten pertsonekin lan egiten dute. "Astorekin mugitzen dira, hiru edo lau eguneko bira moduko bat egiten dute. Ostiralean emanaldi bat egingo dute Izarran. Larunbatean Murgian egongo dira gurekin, eta igandean Gopegin".
Egunari amaiera emateko, Atrikipunk taldea izango dute Bea Murgia plazako oholtza gainean. "Kanta ezagunen bertsioak egiten dituzte, trikiti animatu batekin, eta rockarekin nahastuz. Festa girorako oso egokia da. Iaz ere egon ziren, eta oso ondo pasatu genuen", gogora ekarri du Agirrrek.
Hilabete osoan zehar egindako beste ekimenekin pozik azaldu da euskara teknikaria. "Saiatzen gara ekainean zehar euskal kulturgintzan dauden ikuskizun, hitzaldi txiki eta horrelakoak ekartzen. Askotariko gaiak izan ditugu, eta parte hartze polita izan da ere. Hala, ekaineko Zuia Euskaraz erreferentzia bihurtzen ari da, astero zerbait ezberdina eta interesgarria izaten dugulako", azaldu du.