Hemen da, laugarren urtez, Azirkarte elkarte gasteiztarrak antolatzen duen Zirku eta Asto Ibilaldia. Beste batzuetan bezala, herri batetik bestera ibiliko da tourra, bidean lagunduko duten astoek markatzen duten erritmoan. Eta herri horietan Parkeando ikuskizuna aurkeztuko dute. Aurten, Añanako Kuadrillan ibiliko dira gazteak: Gesaltza Añanan egingo dute lehen geldialdia, ekainaren 30ean, eta 19:30ean aurkeztuko dute zirku ikuskizuna, gatzagetan; uztailaren 1ean, berriz, Pobesen izango dira, frontoian; eta uztailaren 2an, Zuhatzu Kuartangon egongo dira Parkeando aurkezten, igerilekuen ondoan.
Dibertsitate funtzionala duten gazteek parte hartzen dute astoekin egiten den ibilaldian eta herriz herri egiten diren zirku ekitaldietan. "Antzinako zirku bat bezalakoak gara. Herriz herri joaten gara, eta gazteek herrietan egiten dituzten ikuskizunen truke, bazkaria edo afaria edo lo egiteko leku bat ematen digute". Joseba Martinez de Ilarduia tourrean parte hartzen duen monitoreak azaldu duenez, gogotsu hartzen dute ekintza gazteek: "Astoak hartzeko desiatzen daude gazteak; beste urte batzuetatik ezagutzen dituzte animaliak", esan du.
Aurten, herrietako bizilagunak gonbidatu dituzte haiekin batera ibilaldia egitera
Tourraren antolatzailea, Azirkarte elkartea, 2017an sortu zen, Escolapios ikastetxean. Bertako Heziketa Bereziko irakasle batek eta Gorputz Hezkuntzako beste irakasle batek beharra ikusi zuten dibertsitate funtzionala duten ikasleek eskolatik kanpo ekintzaren bat egiteko, "bere konfort eremutik ateratzeko". Martinez de Ilarduiak azaldu duenez, saioak antolatzen hasi ziren, zirkuarekin lotutakoak, eta gizarte etxeetan ere haien ikuskizunak aurkezten zituzten. Bestalde, duela lau urte, harremanetan jarri ziren asto terapia egiten duen Ikiriki elkartearekin, "eta okurritu zitzaien, Arabako hiru herri aukeratzea eta ibilaldi bat antolatzea, ekainaren amaieran".
Oztopoak gainditzeko modua
Modu horretan, ibilaldiak irauten duen hiru egunetan, gazteak astoez arduratzen dira, eta horrek bere heziketan laguntzen die. "Ardura bat hartzen dute", azpimarratu du begiraleak. Zirku jarduerak, berriz, dauzkaten oztopoak gainditzeko aukera ematen die. Martinez de Ilarduiaren arabera, "helburua ez da malabareak oso ondo egitea edo salto handienak egitea; pertsona bezala hezteko aukera ematen die zirkuak, dauzkaten oztopoak gainditzeko". Batzuetan, gainera, zirkua aukera bakarra da ikasi dutena erakusteko: "Eszenatoki batera igotzea eta jendearen aurrean jartzea inportantea da. Ateratzen ez zaien gauza bat egiten lortzea ere garrantzitsua da, aurrerapenak egitea, eta halaber, arlo sozialean, haien artean harremanak izatea eta elkarren artean laguntzea".
Dibertsitate funtzionala duten gazteekin lan egiten du 2017an sortu zen Azirkarte elkarteak
Hamazortzi urte baino gehiago dituzten gazteak dira ibilaldira joaten direnak, batzuk eskolan daude oraindik, ofizioren bat ikasten, eta beste batzuk jada enpresaren batean ari dira lanean. Dena den, ikuskizuna prestatzeko, urtean zehar, astero, ordu eta erdiko entseguak egiteko biltzen dira. "Gehienak elkar ezagutzen dira eta aurreko urteetan ere parte hartu dute ibilaldian". Hala, guztira, berrogei bat lagunen taldea biltzen da, hiru edo lau astorekin, hamar bat kilometroko ibilaldiak egiteko.
Udaro, gainera, beste elkarte batzuk hurbiltzen dira Azirkarte elkartekoek antolatutako tourrean parte hartzeko. "Beste zirku inklusibo batzuk parte hartzen dute, adibidez Menorkatik edo Gernikatik. Aurten, herrietako biztanleei ere luzatu zaie gonbidapena gurekin bidea egitera", esan du Martinez de Ilarduiak.