Maiatzaren 30ean sutea piztu zen Goiain industrialdeko Reydesa enpresan, eta konfinatzeko agindua eman zieten Legutio eta Goiain inguruko herritarrei. Sutea ordu batzuen ostean itzali bazuten ere, gertakariaren inguruko zalantzak sortu ziren. Legutioko EH Bilduk proposatu zuen sutea argitzea, "informazio guztia eskatu, ondorioak argitu eta arduradunak zehazteko". Legutioko Udal Gobernua osatzen duten EAJ eta PSE aurka agertu dira gaur goizean, Legutioko osoko bilkuran.
EH Bilduk industrialdeko ingurumenari buruzko proposamena ere egina zuen, Goiaingo ingurumena hobetzeko lan mahaia suspertzea. Susana Gomez de Baluerga EH Bilduko zinegotziak adierazi du premiazkoa dela gai horri irtenbidea ematea, izan ere, "kexa eta salaketa ugari" jaso omen dira OTUA taldeak (Reydesa da taldeko kide) ingurumenean eta akustikan eragindako kutsaduraren ondorioz. Proposamen honi ere ezezkoa eman diote EAJ eta PSEk.
Erantzun honen aurrean, 18 galdera erregistratu ditu EH Bilduk, eta idatziz erantzun beharko dituzte udal taldeek. Galderen artean daude, adibidez, ea ikastolari eta osasun zentroari abisua eman zitzaien, nola eman zitzaion ingurumen baimen integrala Reydesa enpresari edo zer ikuskapen mota egiten diren Goiaingo ingurumena aztertzeko.
Lan mahaia bertan behera otsailetik
Aurreko legegintzaldian erakunde arteko mahaia sortu zen, Legutioko Udalaren ekimenez, "Goiaingo ingurumena hobetzeko" asmoz. Baina 2024ko otsailean mahaia bertan behera uztea erabaki zuen udalak. Hiru hilabete geroago piztu zen sutea Reydesa enpresan.