Arabako Foru Gobernuaren Kontseiluak Legutioko saihesbidea eraikitzeko proiektua aldatzea onartu du gaurko bileran, lotura osatzeko herriaren iparraldean. Modu horretan, Legutioko Udalak eta Administrazio Batzarrak beren alegazioetan planteatutakoa jasotzen duela esan du Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak.
Izan ere, lehenago onartu zituen Legutioko Udalak eta Legutioko Administrazio Batzarrak aurkeztutako bi alegazio. Horietan eskatzen zuten herriaren iparraldean lotura bat egitea, ibilgailu astunen trafikoa herriaren erdigunetik murrizteko. Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak hitzeman zien lehenbailehen izapidetu eta onetsiko zuela jatorrizko proiektuaren aldaketa, iparraldeko lotura berri hori gauzatzeko eta zerbitzuan jarri ahal izateko, saihesbidearekin batera. "Gaur proiektuaren aldaketa onartzeak konpromiso hori betetzea dakar".
Hartara, Legutioko saihesbidearen iparraldeko lotura osatzeko, zuzeneko adar bat gehituko da saihesbidetik Legutiorantz, eta noranzkoa aldatuko da A623-Legutio eta Legutio-A623 mugimenduak ahalbidetzeko, hurrenez hurren. Aldaketa horren ondorioz, proiektuaren aurrekontua 445.037 eurotan handituko da, eta, guztira, 5.550.682 eurokoa da.
Aldundiak Yarritu SA enpresari adjudikatu zizkion Legutioko saihesbidearen obrak, 2023ko abenduaren 5ean, 5,1 milioi eurotan, eta 20 hilabeteko epearekin, eta hilabete horretan bertan hasi ziren obrak. Saihesbide berriak A-623 eta A-2620 errepideak lotuko ditu, Aramaiora doazen edo handik datozen ibilgailuen trafikoak herri horren erdialdea zeharkatu ez dezan.