Arrazoi pertsonalak tarteko, joan den ekainean hartutako Aramaioko aginte makila abenduan utzi zuen Iban Herrartek, eta, haren lekuan zinegotzi izan den Asier Agirre aukeratu dute. Eskarmentua badu zereginean, 2007tik 2011ra bitartean ere alkate izan baitzen EAE-ANV alderdiarekin.
Hainbeste urte eta gero, nola topatu duzu Aramaioko Udala? Nolakoa da alderdien arteko harremana?
Gizartea beste bat da, hori garbi daukagu. 2007an egoera politiko bat zegoen eta orain beste bat dago, baina helburuek antzera jarraitzen dute. Eskumako pentsakera duenak bere baliabide guztiak jarriko ditu gero eta eskumarago joateko, eta guk gure bidea egin behar dugu. Ezkerreko pentsakera eta herriarekiko atxikimendua duen talde bat izan behar dugu, eta uste dut hori garela. Ni bat gehiago naiz Aramaioko Udalean, talde sendo bat dago, eta orain arte bezala lan egiten jarraituko dugu. Garrantzitsuena da talde erabakiak hartzea, herriarekin kontatzea, eta ahalik eta anitzen eta egokien eramatea kudeaketa.
2007an AHTari buruzko galdeketa egiteagatik epaitu zintuzten, Estatuko Fiskaltzak eginiko salaketa batengatik. Eta Arabako Auzitegi Probintzialak absolbitu zintuen gero.
Hori gure herri izaerari egindako beste eraso bat izan zen. Lanketa bat egin genuen Abiadura Handiko Trenaren inguruan, adierazi genuen herri bezala ez genuela nahi proiektu hori, ez genuela nahi gure herria suntsitzea, gertatu den bezala; sortu ziren kalteak kontuan hartuta, gainera, errepideetan izan ziren kalteak, herritarrek pairatu zituztenak, eta gaur egunean konpondu gabe jarraitzen dutenak... Hori guztia ikusita, herri galdeketa bat egin zen herrian eta ondorio batzuk izan zituen. Ondorio horien artean, ni jomugan jarri ninduten. Eta absolbitua izan nintzen, azkenean estatu batek herri baten aurka egiterik ez duelako, herria ari delako borrokan.
Zergatik erabaki duzu orain pauso hori ematea?
Politikatik kanpo izan naiz azken urteetan, baina hainbat egoera ikusirik bueltatzea erabaki dut. Statfkraft-en proiektua herri ondoan ikusteak bultzatu nau horretara, esate baterako. Legealdi honetan, orain arte ingurumen zinegotzi bezala egon naiz, eta orain alkate berriz, halabeharrez edo jarri beharrean, baina ingurumena eta nituen batzordeekin ere jarraituko dut.
Statkraft aipatu duzu. Interes berezirik duzu parke eolikoaren proiektuarekin?
Interesa baino, ardura. Moda kontuekin gabiltzala ematen du, orain arte energien gaia hor egon delako eta inork ez diolako garrantzi berezirik eman. Orain, bat-batean, ingurune guztia haize errotez bete nahi digute, etorkizuneko panazea balitz bezala, horiek jarrita arazo guztiak konponduko balira bezala. Herritar moduan, arduragatik hartu dut lan hau. Uste dut gauzak ez direla horrela egiten. Lehenik eta behin, energia berriztagarriak bai, eta haize errotak izan daitezke aukera egoki bat, baina gauzak egiten ari diren moduan ez zait gustatzen; herriari galdetu gabe, energia sortzeko proiektu handi batzuk jarri nahi dituzte, eta energia hori estatuak kontrolatzen duen sare batera bidali, eta, aldi berean, eguneroko dinamikak aldatu gabe jarraitzen dugu eta gure desarrollismoak etenik gabe jarraitzen du. Hausnarketa bat egin beharra daukagu behar dugun kontsumo ereduaren inguruan, eta etorkizuneko herritarrak babesteko, etorkizuneko umeak babesteko, energia kontsumoa jaitsi behar dugu. Azken finean, eoliko batzuk jarrita ez dugu ezer konponduko. Bere garaian Lemoiz izan genuen, eta gero beste hainbat adibide izan dira. Eta bitartean Afrikako herrialdeetatik litioa ekartzen jarraitzen dugu bateriak sortzeko, hemendik 25 urtera gure mendiak txatarraz bete eta gure inguru guztia deuseztatzeko. Guk bizitza duin bat nahi dugu herrietan, eta, ezer baino lehen, edozein proiektu abian jarri baino lehen, gauzak hitz egin behar dira.
"Oraindik oso urruti gaude hondakinak erabat murrizteko jarritako helburuetatik"
Eolikoen inguruko kontsulta egitea pentsatu duzue?
Herriari aukera bat eman genion. Udalbatzan jorratu genuen gaia, eta mozio bat babesteko sinadura bilketa bat egin genuen. Herritarrek proiektuarekiko zer iritzi zuten jakin nahi genuen. Mozio horren lerroburua "ez gaude ados" izan zen; ez gaude ados nola egin diren gauzak, ez gaude ados ezarri nahi diguten sistema horrekin, eta ez gaude ados gurekin kontatu gabe eta gure herrian eta gure etorkizunerako halako proiektu bat ezartzearekin. Azaroan abiatu genuen sinadura bilketa, eta dagoeneko 600 sinaduratik gora bildu ditugu. Gure herriaren erdia da hori, esan dezagun, eta uste dugu ez dela berezko kontsulta bat behar, nahiko kontsulta delako horrela adieraztea. Herritarren erdiek adierazi digute ez daudela ados gauzak horrela egitearekin. Halere, herrian erabakitzen bada kontsulta bat egin behar dela, egingo da.
Gai honetan, zein izango da Udalak egingo duen hurrengo urratsa?
Pauso ezberdinak ematen joango gara. Oraindik zehazteko daukagu ibilbide guztia, baina, lehenik eta behin, guk adierazi behar dugu herri bezala zer nahi dugun. Eta ez bakarrik eolikoen inguruan, gauza guztien inguruan. Herri txiki bat gara, eta bankuen zerbitzuak ez dizkigute ematen, ezta mediku zerbitzua ere, zerbitzu desberdinak gainbehera doaz, etxebizitzak egiteko arazoak daude, lana bilatzeko arazoak... Herri txikiek hori baino garrantzi handiagoa merezi dute gure gizartean, ekonomia hiriburuetara bidali eta herriak hiltzen utzi nahi ez baditugu behintzat.
Mediku zerbitzuari buruzko hainbat kexa izan dira azken hilabeteetan Aramaion. Beharrezko baliabideak jarri al dituzte?
Momentu honetan, gure medikuak bajan jarraitzen du, eta daukagun zerbitzua eskasa da, astean egun bakar batean da kontsulta. Arrasateko anbulatorioan mediku eta erizainak libre daudenean, ordu batzuk etorriko dira, eta, medikuek artatu ahal izateko, txanda astelehen goizean hartu behar da, 10:00etatik aurrera hori... XXI. mendean horrela ibili behar izatea ere, tira... Ni umea nintzenean, 1970. hamarkadan, medikua egunero zetorren herrira eta baserrietara ere joaten zen; gaur egun, orduan baino txarrago gaude. Murrizketak direla eta, Osakidetzak daukan zerbitzua ez da batere egokia herri txikientzako. Uste dugu medikuak eta erizainak egunero egon beharko luketela herrian. Gure herriak merezi du hainbeste, ezta?
Etxebizitza premia da beste arazoetako bat udalerrian. Udaletik nola lagundu dakioke horri?
Azken urteetako gainkarga guztiek asko garestitu dute bizitza, eta oso zaila da etxebizitza tipologia konkretu bateko etxeak egin ahal izatea gainkarga garesti bat jarri gabe. Horrek arazo asko dakartza. Alde batetik, auzoetan baserriak husten ari dira, baserrietako bizitza herrietara jaisten dabilelako eta baserri horietan etxebizitza txikiak ateratzeko arazo ugari jartzen ari direlako. Nork mantendu behar ditu, orduan, baserri horiek? Nork mantendu behar ditu gure inguruneak? Kalean, berriz, etxe berriak egin behar dira, baina etxe berri horiek daukaten salneurriak garestiegiak dira. Udaletik saiatuko gara legealdi honetan, halere, orain arte saiatu garen moduan, etxebizitza egokienak eta txukunenak jartzen gure gazteentzako, gure herritarrentzako.
"Herri izaerari egindako beste eraso bat izan zen galdeketagatik gertatutakoa"
Euskararen erabileraren inguruko datuak onak dira Aramaion, baina adi jarraitzekoak... Kezkarik bada?
Hainbat faktore daude erabileraren inguruan, baina uste dut gizartea erlaxatu egin dela euskararen galeraren inguruan. Kontuan izanik herri txiki bat garela eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearren barruan gaudela, baditugu baliabide batzuk berrindartzen joateko; erabileraren inguruan, halere, badago joera bat kanpo hizkuntzak jartzeko mahaiaren gainean eta euskara bigarren leku batean uzteko. Adi egon behar dugu, eta borrokan jarraitu behar dugu euskara izateko lehendabiziko baliabidea.
Baserriei begira, zer kezka daude?
Hainbat daude, baina zuntza da horietako bat. Sartzen ari dira, baina zenbait txokotan falta da oraindik. Ari dira, baina ez den behar den abiadan, eta hainbat ingurutan zain jarraitzen dute.
Zer beste gai dituzue esku artean?
Makina bat daude. Hasiko bagina, ez genduke bukatuko. Mila istorio izaten dira egunero, eta guzti horiek kudeatzen saiatu behar gara. Besteak beste, zaborraren kudeaketaren inguruko lanketa bat egin behar dut; azken finean, kudeaketa hobetu beharra dago, hondakinak murrizteko bidea bilatu behar dugu, zero zabor izateko bidean ahalik eta kudeaketa egokienaz.
Urruti dago helburu hori?
Oso urruti gaude. Denbora dezentetik hona, kudeaketa eredua hobetzen joan den arren, oraindik ez da hartu lan komun bat edo talde lan moduan, beste estamentu batzuk ez dute bultzatu hori, herri bakoitzak bere kudeaketa antolatzen du, eta diferentzia handiak daude. Deba bailarako beste herrien aldean, esaterako, aldea oso nabarmena da; datuak ikusten ditut eta oso ezberdinak dira batetik bestera. ikusten ditut. Bide hortan hasi gara lanean, eta jarraituko dugu. Baina, zaborrarekin batera, beste hainbat kontu ere badaude, agenda luzea daukat. Baina garrantzitsuena da herri txikiak behar dituen baliabideak indartu behar ditugula, ingurunea babestu behar dugula, gure energiak sortu eta kudeatu behar ditugula; horretarako autonomia, antolakuntza eta gure benetako izaera aurrera atera behar dugu.