1993. urtean inauguratu zuten Euskal Buztingintza Museoa, Elosuko Ollerieta auzoan, eta 30. urteurrena ospatzen ari dira Josu Santamarinak eta Sergio Escribanok zuzendutako indusketa arkeologiko batekin. Arkeologoak labe zaharraren ondoan dagoen eremu batean daude lanean, 1711. urteko eraikin horren aurretik buztingintzarekin lotutako beste eraikin bat ote zegoen jakiteko. Orain arte, zeramikazko pieza batzuk, objektu txikiak eta Alfontso XII.aren txanpon bat aurkitu dituzte. Labe zahar horretan, mendeetan zehar, milaka pieza egosi ziren, harik eta 1958an jarduera gelditu zen arte. Blanka Gomez de Segura buztingileak ontzitegi zahar hori berreskuratu zuen. Bere familiaren eta aldundiaren laguntzarekin, Ortiz de Zarate Garmendia familiaren baserria erosi eta zaharberritu zuen, eta 1993an, Alberto Ansola garaiko ahaldun nagusiaren eskutik, ireki zuten jendearentzat Euskal Buztingintza Museoa.
Argazkiak: PHOTO ARABA