Iraileko lehenengo bi asteburuak gorde dituzte zigoitiarrek euskaraz antolatutako ekintzekin gozatzeko: kirol jarduerak, dantzaldiak, bertso-saioa, emanaldiak eta Mairuelegorretako Euskal Jaia izango dira.
Iazko formatuarekin jarraituta, aurtengo Zigoitia Euskaraz bizikleta martxarekin hasiko da, irailaren 2an, Zaitegin hasi eta bukatu egingo dute. Ondoren, DJ Kaktusen bisita jasoko dute, eta Lantzean Behin taldearekin dantzan egiteko aukera ere egongo da.
Irailaren 3an, Eriben, Zigoitiko toponimiaren inguruko bisita gidatua izango dute, Abadelauetakoen eskutik, eta, ondoren, Mairu abesbatzakoen emanaldia elizan. Irailaren 8an, berriz, Sergio Azkarateren 'Amaiur' filmaren aurrerapena eta solasaldia izango dituzte, Ondategiko zentro soziokulturaleko aretoan.
Bukatzeko, irailaren 10ean, egun osoko festa egingo dute Zigoitian. Goizean, Mairuelegorretako haitzuloko Euskal Jaia izango da; eta ondoren, bigarren urtez, Muruako harrobietan egingo dituzte herri bazkaria eta erromeria. Larrain Dantza, Xubton Stilt taldearen kontzertua, eta Joxe Mendizabalekin erromeria izango dira.