Ikasbidea ikastolan ikasle izatetik ikastetxeko zuzendaria izatera igaro da Ana Arregi Martinez (Gasteiz, 1969), eta gainera, zentro berean ditu seme-alabak. "Bereziak gara, hezkuntza ibilbide osoa eskaintzen dugulako, etapa guztiak, haur hezkuntzatik batxillergora". Hori "altxorra" dela esan du Arregik. Hala ere, Hezkuntza sailak zentroaren birmoldaketa aurreikusi du, eta haur hezkuntzako lerroak murriztu egingo dira modu progresiboan.
50 urte hauetan zein izan da Ikasbideak bizi izan duen aldaketa nabarmenena?
Sare publikora pasatzea, publifikatzea; ez zen pribatua bezala jaio, Arabako Foru Aldundiak bultzatuta jaio zen, baina momentu batean aldaketa hori egin zen, eta pentsatzen dut hori izango zela aldaketarik nabarmenena. Hala uste dut bederen; ni ikastolako ikaslea nintzen orduan, eta egia esan ez genekien oso ondo publikoak edo pribatuak ginen.
Ikastetxearen historian beste momentu berezirik dago?
Bai. Ikastola Gazalbide auzoan jaio zen, Txagorritxun, prefabrikatu batzuetan, eskola publikoan egon ginen Durako eraikinera pasa arte. Hori aldaketa handi bat izan zen. Ikastola txikiagoa zenean beste modu batean zegoen antolatuta… eta hori ere aldatu zen. Ondoren, lehen hezkuntzako eraikina egin zen. Bestalde, pedagogikoki nik uste dut aldaketa handi bat izan zela 2017an haur hezkuntzan beste metodologia batekin hasi zirenean lan egiten, Zirkulazio Autonomoa, Mugimendu Autonomoa deitzen zaiona, eta Ikasbidea horretan erreferentea da erkidego mailan. Esperientzia horretatik abiatuta, ari gara metodologia hori beste etapetara eramaten, lehen hezkuntzara eta DBHra.
Bi urtetik hamazortzi urte bitarteko hezkuntza eskaintza duzue.
Etapa guztiak. Horregatik gara Ikastetxe Publiko Integrala, haur hezkuntzatik batxillergora doan ibilbide guztia eskaintzen dugu.
Mende erdia ospatzeko asmoa duzue?
Bai, noski, eta gainera, ospatu nahi dugu jakinda hasiera batean egin zen apustu hori, euskaraz ikasi ahal izateko, eta hezkuntza euskaraz garatzeko iniziatiba hori arrakastaz lortu dugula. Ekainaren 10ean ikastolako jaia egingo da, gurasoek urtero antolatzen duten festa da, eta aurten bereziagoa izango da, dokumental bat egin dugu, kontzertua izango da… Ondoren, hurrengo ikasturtearekin batera, irailean, ikastolako komunitate bezala ekitaldi ofizial bat egingo dugu. Foru Aldundiaren Euskara Zerbitzuarekin batera antolatzen ari gara, eta hor agintariak egongo dira eta ikastolatik pasatu diren irakasleei eta ikasleei omenaldia egin nahi diegu; eta azkenik, urriaren amaieran, beste festa bat egin nahi dugu, ikastolan, ikasle ohiak eta irakasle ohiak biltzeko eta haien testigantzak jasotzeko.
Zeintzuk dira Ikasbidearen indarguneak?
Indargunerik garrantzitsuena da hain zuzen ere etapa guztiak izatea: guk jasotzea ume bat bi urterekin eta hamazortzi urterekin gurekin amaitzeko aukera ematea. Urte horiek altxorra dira guretzat, aukera dugulako euskara irakasteko eta kalitatezko heziketa bat eskaintzeko, benetan pertsona moduan heziketa integrala emateko. Egun, familien eta ikasleen gehiengoa ez da euskalduna; familien %26a bakarrik da euskalduna, eta beste gehiengoa erdalduna da. Ikasbidean euskara ematen diegu.
Traba da hain handia izatea?
Oso etapa desberdinak dira, trantsizioak oso konplikatuak dira eta ondo zaindu behar dira, kudeaketa aldetik koordinazio handia egon behar da, eta horrek arazoak suposatzen ditu. Ezin dugu ukatu. Baina horretan ari gara; gure eskuetan ipintzen dena altxorra da.
Azpiegitura aldetik arazoak izan zenituzten neguan berogailuarekin. Nola zaudete orain?
Ikasbidean, 1.309 ikasle ditugu, asko dira, eta egia da leku aldetik estu gabiltzala. Lehen, bagenuen eguerdian ikasleak etxera joateko aukera, baina orain ez dago garraiorik, eta orduan 700 ikasle inguru geratzen dira jantokian. Ikasle pila bat dira eta ez dugu nahiko baliabide tarte horretan, jantokiko tarte horretan, eskolaz kanpoko ekintzak antolatzeko. Behar ditugu baliabide gehiago. Duran gaude, Arratzua-Ubarrundian, ez gara Gasteiz, eta Gasteizko ikastetxeek jasotzen dituzten laguntza batzuk, Gasteizko Udalak ematen dituenak, guk ez ditugu jasotzen, eta umezurtz geratzen gara.
Baina Gasteizko ikasleak dira nagusi Ikasbidean?
Bai, Gasteizko ikasleak dira gehienak, %90a gutxi gorabehera. DBHn Legutiotik, Otxandiotik eta Gopegitik ere datoz ikasleak, baina gehienak Gasteiztik datoz. Izan ere, 30 autobus etortzen dira, egunero, eta sentitzen dugu ez gaudela beste ikastetxe batzuen baldintza berdinetan. Adibidez, patio eraldaketa egiteko Gasteizko Udalak badu programa bat, eta gu hor ez gara sartzen.
Patioa eraldatu behar da?
Aspalditik dugu arazoa, bai neguan bai udan, ez dugulako patioan leku estali bat. Aspaldian, eguerdiko garraioa kendu zigutenean, esan ziguten, eta hala sinatuta dago, patioa egokituko zutela; gero, Covid-a zela eta, jarri zuten karpa bat, eta ekainean kendu ziguten. Hor arazoak ditugu, negu gorrian, jantokiko tarte horretan, ez dugulako lekua ikasle guztiak ondo egoteko. Behar dira hobekuntzak, eta udalak ezin badu, Arratzua-Ubarrundiako Udala txikia da eta ez du gaitasunik, Hezkuntza sailak zerbait egin beharko du. Ea 50. urtemugarekin animatzen diren, zeren eta patioan etorri ginenean bezala gaude; horiek ziren baratzak eta orain ez dira baratzak baina ez dago estalkirik, eta arazoak sortzen dira. Tarte hori da benetan momentu bat zaindu behar duguna, eta gurasoen aldetik kezka bat hori da, espazio horretan zer egin dezakegun ikasleak hobeto egoteko.
Orain, bi urteko ikasleak Gasteizko eraikin batean daude. Noiz aldatuko dira Durara?
Hori erreklamatu dugu aspalditik. Haur Hezkuntzako bi urteko gelako ikasleak Gasteizen, beste eraikin batean, egoteak ez du laguntzen, eta hemen egon behar dira. Baina gertatzen dena da ez dagoela tokirik. Horren aurrean, Hezkuntza sailak erabaki du, eta horrela adierazi digute bilera batean, Ikasbidea birdimentsionatzea.
Zer esan nahi du horrek?
Orain, hiru lerroko ikastetxea gara, Haur Hezkuntzan (HH) eta Lehen Hezkuntzan (LH); eta bost lerrokoa DBHn, eta pasatuko gara bi lerroko ikastetxea izatera. Orduan, adibidez, aurtengo matrikulan, bi urteko gelan, bakarrik 40 ikasle sartu dira; eta Hezkuntzak nahi duena da hurrengo ikasturtean, HH2n eta HH3n bi lerro bakarrik izatea. Aldaketa progresiboa izango da, eta hurrengo ikasturtean ikastetxea txikiagoa izango da. Hezkuntza sailak egin duen diagnostikoaren arabera, modu horretan, espazioaren beharrak konponduko dira, eta eskola publikoa garen heinean, beste ikastetxeekin partekatuko ditugu ikasleak.
Ikastetxeko gurasoek protesta egin dute seme-alabak ezin izan dituztelako elkarrekin matrikulatu. Zer arazo dago?
Pixkanaka matrikulazioak murriztuko dira Ikasbidean, eta horren ondorioz, gaur egun semea edo alaba Ikasbidean duten guraso batzuk plazarik gabe geratu dira ikasle horren anai-arrebarentzat. Bere garaian, arrazoi desberdinengatik, ez zuten umea HH2n matrikulatu, eta orain, HH3n matrikulatzera etorri direnean aurkitu dute ez dagoela beraientzat tokirik, eta eskola desberdinetan egon beharko direla umeak. Guk zuzendaritza aldetik ezin dugu ezer egin, Hezkuntza sailak tokirik ez dagoela esan digulako, baina familia horiek arazo larria dute kontziliaziorako.
Birmoldaketaren ondorio bat da egoera hori?
Bai. Bost familia horiek kezkatuta daude, eta gu ere, ikastolako komunitatearen kideak direlako, eta gainera ez dutelako aukerarik umeak elkarrekin beste ikastetxe batean matrikulatzeko. Nik uste dut lehenengo urte bezala malgutasunez jokatu behar dela eta salbuespena egin.
Irakaslegoan murrizketarik aurreikusten da?
Ez datorren ikasturterako, baina hurrengoetarako bai.
Nolakoa da Ikasbidea ikastolako hezkuntza komunitatearen egunerokoa? Harremanak onak dira?
Argi dugu helburu bezala harremanak lantzea eta gure arteko komunikazioa zaintzea dagoela. Ikasleak erdigunean egon behar direla esaten dugunean, guretzat, ez da lelo huts bat; uste dugu posible dela errespetuan oinarritutako harremana sortzea ikasleekin, baita gurasoekin eta gure irakasleen artean ere. Gatazkak egongo dira beti, baina enpatia pixka batekin entzuten duzunean konponbidea errazagoa da. Hori da gure erronketako bat: harremanak zaintzea eta ikas komunitatea sendotzea.