Gorbeialdea

EH Bilduren aginte makila kolokan da Legution

Erredakzioa 2023ko mai. 29a, 09:30

PSE-EE giltza izan daiteke Legutioko Udalean. / ALEA

EH Bilduk Legutioko alkatetza gal lezake PSE eta EAJren arteko akordioa balego. Lehia estua izan da Zigoitian EH Bildu eta EAJren artean; PPk erabaki dezake alkatetza. Aramaion, Urkabustaizen eta Zuian EH Bildu nagusitu da berriz ere; EAJ, berriz, Arratzua-Ubarrundian.

Maiatzaren 28ko bozek aldaketa gutxi utzi dituzte Gorbeialdeko hauteskunde mapan, nahiz eta baden ñabardurarik. EH Bildu gailendu da Aramaio, Legutio, Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuian, eta EAJ, berriz, Arratzua-Ubarrundian. 

Hamabi urte bete ditu Zuiako Unai Gutierrezek agintean, eta beste lau urtez jarraituko du EH Bilduk. 591 boto eta sei zinegotzirekin, ez dauka lehiarik aurrean; 2019an aurkeztu zen Zuia Bai plataforma desegin ostean, EAJ (4 zinegotzi) eta Zuiak Batzen Gaitu (1) taldearen artean banatu dituzte eserlekuak.

Aramaion ere EH Bilduk irabazi ditu hauteskundeak, baina zinegotzi bat galdu du. Emaitzak ikusirik, Iban Herrartek hartuko du Lierni Altunak utzitako aginte makila; sei zinegotzi izango ditu koalizio abertzaleak, eta hiru EAJk.

Urkabustaizen ere ez da zalantzarik; EH Bilduk irabazi ditu hauteskundeak (6 zinegotzi) eta EAJ izango da oposizioan (2 zinegotzi). Xabier Diaz de Arkaiak errepikatuko du alkatetzan.

Legution, berriz, EH Bilduk duen aginte makila kolokan izan daiteke. Boto gehien eskuratu dituen arren (5 zinegotzi), orain arteko nagusitasuna galdu du, EAJ (4 zinegotzi) eta PSE-EEren (2 zinegotzi) aulkiak batuta. Ikusteke dago Juan Kruz Jainagak makilari eusten dion edota Nerea Bengoa jeltzaleak beharrezko babesa lortzen duen. 

Lehia estuena Zigoitian izan da, bi botoren aldearekin irabazi dio EH Bilduk EAJri, eta launa zinegotzi izango dituzte; PPren zinegotzi bakarra giltza izan daiteke hurrengo alkatea erabakitzeko. Aurreko legealdian sozialistak izan dira giltza, eta euren babesari esker izan da alkate Javier Gorbeña jeltzalea.

Arratzua-Ubarrundian EAJ izan da nagusi, baina boto eskas batzuekin atzetik datoz Goazen plataforma eta EH Bildu; hiruna zinegotzi eskuratu dituzte hiru alderdiek. Hala, Blanca Antepara jeltzaleak eutsi diezaioke makilari, Goazen herritar plataformaren babesa lortuz gero.

GRAFIKOAK

GORBEIALDEA

Aramaio

Arratzua-Ubarrundia

Legutio

Urkabustaiz

Zigoitia

Zuia


Udal hauteskundeen emaitzak

Arabako foru hauteskundeen emaitzak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago