EH Bilduko zazpi hautagaik uko egin diote kargua hartzeari

Erredakzioa 2023ko mai. 16a, 12:00

Agustin Muiños seigarrena da EH Bilduren Legutioko zerrendan. / Argazkia: Google Maps

"Bizikidetza eta bakea lortzen laguntzeko" kargua hartzeari uko egin dioten zazpi hautagaien artean Agustin Muiños dago, euskal preso ohia, Urbinako bizilaguna eta EH Bilduren Legutioko zerrendan seigarrena.

Naiz hedabideak argitaratu duenez, hainbat eguneko polemikaren ostean, ETAko kide izateagatik eta odol delituak egotzita iraganean zigortutako EH Bilduren zazpi hautagaik kargua hartzeari uko egin diote. Hedabide horretan argitaratutako ohar batean azaldu dute "bizikidetzan eta bakean laguntzeko" hartu dutela erabakia.

Zazpi hautagai horien artean dago Agustin Muiños Tinin, ETAko kide ohia, euskal preso ohia, Urbinako bizilaguna eta EH Bilduren Legutioko zerrendako seigarren hautagaia. 2019an bost zinegotzi lortu zituen EH Bilduk; biztanle kopuruaren ondorioz udalerria bederatzi eserleku izatetik hamaika izatera igaroko da aurtengo udal hauteskundeetan.

Auzitegi Nazionalak 29 urteko zigorra ezarri zion 1985ean, ETAko kide izatea eta Jose Antonio Julian Bayano enpresariaren hilketa egotzita. Erakunde armatuak bere gain hartu zuen hilketa hura, "Fuerza Nuevako ordezkaria izatea, Poliziarekin kolaboratzea eta drogekin trafikatzea" leporatuta.

"Bide politiko eta demokratikoekin bat"

Biktimen elkarteen, hedabide nagusien zein alderdi gehienen presioak bultzatuta, EH Bilduko zazpi hautagaiek fitxa mugitzea erabaki dute. Bere garaian Auzitegi Nazionalak zigortutako 44 hautagaien artean daude; horien aurkako kanpaina mediatikoaren aurrean, odol delituengatik zigortutako zazpiek iragarri dute ez dutela zinegotzi kargua hartuko hautatzen badituzte.

Dagoeneko ezin dute hautagaitza ofizialki kendu, baina erabakia hartu dute "sufritu duenari minik ez emateko, ezker abertzalearen estrategia aldaketarekin eta bide politiko eta demokratikoen aldeko apustuarekin bat egiten dutela argi uzteko, eta EH Bilduk ETA legitimatzea helburu duela gezurtatzeko".

Halaber, zazpi hautagaiek salatu dute EH Bilduri "kalte" egin nahi izan zaiola "bizikidetzaren eta bakearen eraikuntzarekin zerikusi gutxi edo batere ez duten interes alderdikoi eta elektoralistengatik". Zentzu horretan, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak hautagaien jarrera "txalotu" eta "elkarbizitza demokratikorako konpromisoa" berretsi du, eguerdian eskainitako prentsaurrekoan.

Zazpi hautagaien oharra osorik

Naiz hedabidean argitaratutako jatorrizko bertsiotik ALEAk itzulita:

Gure izenak gure herrietako EH Bilduren hautagaitzetan sartzeak hautsak harrotu ditu politikan eta hedabideetan. 44 hautagai aipatu dituzte, gehienak Dena da ETA estrategiaren pean zigortuak; estrategia horrek jarduera politiko hutsak jazarri zituen, eta herritar askoren eskubide zibil eta politikoak urratzea ekarri zuen. Mesede txikia egingo litzaieke gutxieneko printzipio demokratikoei, ontzat ematen bada eskubide horiek zapaltzen jarraitu ahal izatea.

"Ez dugu orain gure iraganeko militantzia ukatuko, ezta horrekin dugun erantzukizuna ere"

Gure kasu zehatzak nabarmenagoak izan dira kondenatu gintuzten gertaerengatik. Ez dugu orain gure iraganeko militantzia ukatuko, ezta horrekin dugun erantzukizuna ere.

Gure udalerrietako zerrenden eraketak oihartzun handia hartu du, eta horrek, hainbat arrazoirengatik, gure hautagaitzak ahal den neurrian erretiratzera eta zinegotzi kargua inoiz hartuko ez dugula ziurtatzera behartu gaitu.

Erabaki honen bidez, lehenik eta behin, ETAren biktimengana jo nahi dugu, eta, oro har, gatazka honetan sufritu duten pertsona guztiengana. Horrela, gure konpromisoa adierazi nahi dugu, ez gure hitzek, ez gure ekintzek, ez diezaioten inoiz sufrimendurik txikiena ere gehitu.

Azpimarratu nahi dugu hasieratik parte hartu genuela duela hamarkada bat baino gehiago ezker abertzalearen estrategia aldaketan, eta bide politiko eta demokratikoen alde egindako apustu argiarekin bat egin genuela.

"Gure konpromisoa adierazi nahi dugu, ez gure hitzek, ez gure ekintzek, ez diezaioten inoiz sufrimendurik txikiena ere gehitu"

Era berean, berariaz bat egiten dugu Urriaren 18ko Adierazpenarekin, aurreko liskar zikloari buruzko begirada autokritiko gisa. Ez dago gure gogoan iragana ezkutatzea, eta beharrezkotzat jotzen ditugu memoria ariketa zintzo, eraikitzaile eta osoak. Ez dugu iraganik gabeko etorkizunik nahi, baina ezin dugu ontzat eman gure herria etorkizunik gabeko iraganera kondenatu nahi duten sektore erreakzionarioen jarduna.

Argi dago azken egunotan interes alderdikoiak eta elektoralistak nagusitu direla, elkarbizitzaren eta bakearen eraikuntzarekin zerikusi gutxi edo batere ez dutenak, eta polemikaren helburua EH Bilduri kalte egitea dela, ezinbesteko erreferentea eta indar eraldatzaile nagusia izatea lortu duelako.

"Argi dago azken egunotan interes alderdikoiak eta elektoralistak nagusitu direla"

Gure ustez, ezin da esan EH Bilduren helburua gure aurreko ibilbidea berrestea denik. Gure ustez, proiektu politiko hau itxaropenez beteriko etorkizuna da Euskal Herriarentzat, eta hainbat pertsona eta sektoreren atxikimendua lortu du, baita bere garaian gure aurka argi eta garbi agertu ziren eta gure jarduera gaitzetsi zuten pertsona eta sektore askorena ere. Jakina, EH Bilduren proiektu kolektibo honetan parte hartzeak ez du ETA legitimatzeko helburua.

Gure ustez, EH Bildu garai berri batean eratu zen, subiranotasuna, bakea eta askatasuna lortzeko tresna gisa, herri hobe bat eraikitzeko. Eta hori da gure konpromisoa ere.

Sinatzaileak: Jose Antonio Torre Altonaga, Asier Uribarri Benito, Lander Maruri Basagoiti, Begoña Uzkudun Etxenagusia, Jose Ramon Rojo Gonzalez, Juan Carlos Arriaga Martinez eta Agustin Muiños Diaz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago