Legutioko gazteen eta guraso berrien hizkuntza bizipenak eta herritarren hizkuntza sareak aztertu ditu Soziolinguistika Klusterrak, eta Euskara Legutioko moldera ikerketan aurkeztu dituzte jasotakoak. Besteak beste, udalerrian euskararen aldeko giroa eta proposamenak lantzeko "lur emankorra" dagoela azaldu du ikerketako gidari Olatz Altunak, eta herritarrak euskararen inguruan batuko dituen ekimenak sustatzea proposatu du.
Zein izan da ikerketaren abiapuntua?
Legutioko ikerketarekin hasi baino urte pare bat lehenago antzeko ikerketa bat egin genuen Gipuzkoa eta Bizkaiko lau udalerritan: Pasai Donibanen, Zumaian, Gernikan eta Zornotzan. Oinarria horietan egindakoa izan da, baina berezitasun batekin, guretzat oso interesgarria izan dena; Legutioko ikerketan gazteen adin tartea pixkat handitu da, eta guraso gazteen errealitatea ere aztertu dugu, Udalak hala eskatuta. Haurrak izatearen inguruan sortzen diren diskurtso eta bizipen berriak jaso ditugu, eta aberatsagoa izan da lana.
Alderatu daitezke herri batzuen eta besteen ezaugarriak?
Gazteen inguruan lehenengo azterketetan egindako gako asko topatu ditugu antzekoak. Legutiok baditu bere berezitasunak, baina antzeko ideiak ere bai, eta guretzat hori inportantea da. Hasierako hipotesia edo aurreikuspena ere hori zen: hizkuntzarekin dituzten bizipenak ez dira isolatuak, inguruari lotuta doaz, eta antzeko gauzak topatu ditugu.
Besteak beste, euskararen ideologiaren "fosilizazioa" antzeman duzuela ageri da txostenean...
Euskararen gaiari heltzeko ikerketa markoak hiru hanka ditu: ideologia, praktikak eta bizipenak. Eta, ideologiari dagokionez, gazteek hizkuntzarekiko zer iritzi eta irudipen dituzten jakin nahi genuen. Ikusi dugu biziberritzearen ikuspegitik ez dagoela ideologia garbirik, sendorik, aurreko ikerketetan jasotako ondorio bera. Hizkuntza biziberritzeko politika urruti geratzen zaie, ez da hizkuntza plangintzarik, ez dago diskurtso bat eraikia. Aldiz, beraien iritzi eta ideiak gehiago daude lotuta "gure hizkuntza" izatearekin, "garai batekoa" izatearekin, eta oso lotuta festa jakin batzuekin: bertso saioak, Korrika, Araba Euskaraz... Biziberritzearen ikuspegitik ez dago gogoetarik: Zer gertatu da hemen? Zer nahi dugu gure hizkuntzarekin?
Lehendabiziko begiratu batean, zein da euskararen egoera udalerrian?
Uste dut herri bezala imajinarioan nolabait badela herri euskaldun bat, euskarari lotua, eta egia da euskaldun kopuru handia duela; ikastolatik asko euskaldundu dira, eta adinekoak ere badira oraindik bertako euskara mantendu dutenak. Elebidun kopurua altua da, baina praktikan ez da hainbeste sumatzen, gure elkarrizketetan jaso dugun moduan. Eta hori, gainera, zama baten moduan bizi dute. "Hemen badakigu, denok dakigu, baina gutxi erabiltzen da", dio aipuetako batek. "Nire ama hizkuntza euskara da, baina egunerokoan ez dut erabiltzen, gure kuadrillan ez dugu erabiltzen...". Herri bezala izaera duen herria da, eta hori oso interesgarria da, taldetasuna nabari da, eta, herri txikietan gertatzen den bezala, belaunaldien arteko harremanak nahiko naturalak dira, eta horrek potentzialitate handia du gure ustez. Praktikan, gainera, bada jende bat gaiarekin oso identifikatuta dagoena, euskarari eusten diona, inguruan asko eragiten duena, eta fenomeno hori ere interbentziorako interesgarria da; badago jendea bere inguruan eutsi eta praktika sustatzeko gai dena.
"Hizkuntza biziberritzeko politikak urruti geratzen zaizkie gazteei"
Sarea falta da?
Gazteen arteko sarea badago, heritarrena... baina ez euskararena. Ez dago erdigunean hizkuntzaren auzia, baina beste sare horiek nolabait lur emankorra izan daitezke horretarako. Sare hori bultzatzeko, esaterako, jarduera bat egin genuen Ollerietako Buztingintzaren Museoan, eta oso esperientzia interesgarria izan zen. Tailerraren helburua ikerketa aberasteko informazioa jasotzea zen, eta, aldi berean, familiei begirako ekintza bat eskaintzea, modu ludiko batean hizkuntzaren gaia erdigunean jartzeko, hiztun profil desberdinekin. Eta batzuek zailtasunekin, baina goizpasa bat sortu genuen hizkuntzari buruz euskaraz hitz egiten. Legutioko historiarekin lotu genuen, teilagintzak izan duen garrantzia erdigunean jarrita, Blanca Gomez de Segura museoko arduradunarekin, eta banaka edo familiaka teila bat egiten zuten hizkuntzari buruzko gogoetak idatzita.
Duela urte batzuk baino euskaldunago nabari dute gurasoek Legutio? Ala okerrera doa, euren ikuspegitik?
Hiru laguneko taldetxoak izan genituen, 40 urte inguru horretan, eta aipatzen zuten beren garaian kuadrillan euskara gutxiago entzuten zela. Beraien pertzepzioa da bertako gurasoak bere garaian kuadrillan gutxiago hitz egiten zutela euskaraz. Aldiz, Legutiora bizitzera etorri direnek beste iritzi bat dute; Gasteiz edo Debagoiena ingurutik etorritakoen zenbait lekukotza izan ditugu, eta beraien esanetan Legutio herriaz "oso euskalduna" zen irudia zuten, eta etorri direnean ez da hainbeste nabari. Denetariko iritziak izan ditugu alde horretatik.
Aurrera begira, gidalerro bat zehaztu duzue, ezta?
Hasieratik planteatu genuen gako batzuk jasotzea aurrera begirako esku-hartze bat egin ahal izateko. Zerk funtzionatu dezake hemen? Esan bezala, Legution euskararen biziberritzea lantzeko eta gaia sustatzeko "lur emankorra" dago, euskararen aldeko giroa badago, gazteak saretuta daude eta horrek aukera asko ematen ditu. Taldekotasuna bada, eta badira giltzarri izan daitezkeen hiztun aktiboak, oso garrantzitsuak direnak, eta gainera gazteen artean zeintzuk diren oso identifikatuta daudenak; horiek momentu zehatz batzuetan hizkuntza praktiken dinamikak aldatzen dituzte, eta edozein esku-hartze planteatzen denean kontuan hartzekoa da. Gauza zehatzak ere planteatu genituen. Inportantea da antolatzen dena antolatzen dela Legutioko moldera egitea, gazteei protagonismoa ematea, eta guraso eta familiei guneak eskaintzea; buztingintza tailerrarekin ikusi genuen halako dinamikekin oso gustora geratu zirela beraiek eta oso interesgarria litzakeela eskaintzea halako jarduerak, izan buztingintza tailerra edo dena delakoa… baina familiei begira eta hizkuntza erdigunean izango dena. Ideia horiek aipatzearekin batera, tarteka herrian hizkuntza gaia izango den edo erdigunean jarriko den ekintza jarraituak planteatzen dira, ia etenik gabeko planteamendu bat gaia erdigunean egon dadin.
Inguruko herrien egoerarekin pareka daiteke Legutiokoa?
Hori esateko ez ditut hainbeste ezagutzen, baina gazteek gazte izateagatik berezko lotura bat dute hizkuntzarekin eta ziurrenik ez da horren desberdina.