Bertan behera utzi dute CIE Recytec enpresako greba, akordioa lortuta

Erredakzioa 2022ko mar. 22a, 11:20

CIE Recytec enpresako langileen protesta bat, bi asteko grebaren barruan. / Argazkia: ELA

Hitzarmen berriak lan baldintzak hobetuko dituela iritzita, CIE Recytec enpresako langileek greba mugagabea bertan behera uztea erabaki dute. Besteak beste, KPIaren araberako soldata igoerak eta lanaldiaren murrizketa lortu dituzte.

Martxoaren 7an greba mugagabeari ekin zioten Legutioko CIE Recytec enpresako langileek, hitzarmen berria eskatzeko: "Enpresaren irabaziak kontuan hartuta, aberastasuna egokiago banatzea, baldintza duinak izatea, lanbide sailkapen justuagoa egitea, ABLEen abusua mugatzea eta enpresako beste hainbat alderdi hobetzea" planteatzen zuen ELA sindikatuko ordezkariek osatutako enpresa batzordeak.

Bi asteko lanuzteen ostean, akordioa erdietsi dute astelehen arratsaldean: hitzarmen berria 2020-2024 aldian izango da indarrean. "Langileak zoriondu behar dira grebari bi astez eusteagatik, hein handi batean erresistentzia kutxari esker, eta bidezko lan baldintzak berritzeko borrokatzeagatik", txalotu du ELA sindikatuak.

ELA sindikatuak KPIaren araberako soldata igoerak eta lanaldiaren murrizketa azpimarratu ditu lorpen nagusi gisa:

  • Lanaldiaren murrizketa: 8 orduz 2022rako (1.704tik 1.696ra), eta beste 8 orduz 2023rako eta 2024rako (1.696tik 1.688ra).
  • Soldata igoera, atzeraeraginezko ondorioekin:
    • 2020 EAEko KPI: +%1
    • 2021 EAEko KPI: +%1,5
    • 2022 EAEko KPI:
    • 2023 EAEko KPI: +%1,5
    • 2024 EAEko KPI: +%1,5
    • "Igoera lineala izango da lehenengo hiru urteetan (2020, 2021 eta 2022), eta 30.000 euroko soldata bateko igoera lineala kalkulatuko da 2020an. Hau da, igoera lineala 30.000 eurokoa izango da 2020an, eta hurrengo igoerak aplikatutako igoeren kopuru finkatuaren gainekoak izango dira. 2023ko eta 2024ko igoerak ehunekotan egingo dira. KPIa negatiboa bada, zero izango da", azaldu du ELAk.

Hobekuntza ugari

Nolanahi ere, honako hobekuntza hauek jaso ditu akordio berriak:

  • Aparteko orduen balioa igotzea: 2020an, 26 euro larunbatetan eta 28 euro igande eta jaiegunetan; ondoren, igoera urteko euro batekoa izango da, zenbateko bakoitzetik.
  • Antzinatasun plusa: Urte bakoitzeko LGSaren zenbatekoaren %5 izango da, eta ezingo da haren balioa murriztu.
  • Gaueko lanaren plusa: 2020an, 24 euroko balioa izango du, eta indarraldiko urte bakoitzean euro bateko igoera.
  • Aseguru polizak: 35.000 eta 40.000 bitarteko igoera, laneko istripuen ondoriozko heriotzaren kasuan; 40.000 eta 55.000 bitarteko igoera ezintasun iraunkor osoaren, absolutuaren edo lan istripuen baliaezintasun handiaren kasuan.
  • Kontratazioa: ABLE bakoitzeko gehienezko langileak %25etik % 15era jaistea.
  • Soldata taulak: 1. ikastuna kentzea (14 ordainsaritan hileko 1.400 eurotik beherako kategoria bakarra zen). Horrela, enpresako langile mugagabeek gutxienez 30.488,67 euro kobratuko dituzte.
  • Lanorduen poltsa: 85 ordutik 64 ordura jaistea.
  • Urteko lanpostuaren balorazioa: igoera urtero egiten ez bada, atzeraeraginezko izaerarekin egingo da.
  • Gaixotasun arruntagatiko ABE osagarria: %65etik %70era igoko da lehen hiru egunetan, eta %75etik %80ra laugarren egunetik aurrera. Horrez gain, kobratzeko absentismo-klausulak ezabatuko dira.

60 langile

CIE Recytec Legution kokatutako fabrika da, 60 bat langile ditu eta automozioaren sektorerako piezen mekanizazioan, akaberan eta muntaian espezializatua dago. 2007. urtez geroztik, CIE Automotive taldeko kide da.

Langileen batzordeak —ELAko ordezkariek osatua— bultzatuta, enpresa hitzarmena negozia dadin eskatzeko greba mugagabeari ekin zioten martxoaren 7an, jarraipen zabalarekin. Hitzarmenaren negoziazioak 2020an hasi ziren, baina handik gutxira eten egin ziren, Covid-19aren pandemiaren ondorioz eta enpresak ezarritako aldi baterako lan erregulazioen ondorioz. Egoera hori amaitu zenean, negoziazioei ekin zieten berriz ere.

Enpresa hitzarmena berritzeaz gain, Arabako Metalaren sektorerako hitzarmen kolektiboa berritzea eskatu dute ere, "aberastasunaren banaketan laguntzeko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago