CIE Recytec Legution kokatutako fabrika da, 60 bat langile ditu eta automozioaren sektorerako piezen mekanizazioan, akaberan eta muntaian espezializatua dago. 2007. urtez geroztik, CIE Automotive taldeko kide da.
Langileen batzordeak —ELAko ordezkariek osatua— bultzatuta, enpresa hitzarmena negozia dadin eskatzeko greba mugagabeari ekin diote astelehen honetan, martxoaren 7an. Sindikatuaren arabera, goizeko txandan %100eko jarraipena lortu du greba deialdiak.
Azaldu dutenez, hitzarmenaren negoziazioak 2020an hasi ziren, baina handik gutxira eten egin ziren, Covid-19aren pandemiaren ondorioz eta enpresak ezarritako aldi baterako lan erregulazioen ondorioz. Egoera hori amaitu zenean, negoziazioei ekin zieten berriz ere, baina, ELA sindikatuaren arabera, "enpresa ez dago prest KPIa modu kontsolidatuan emateko, ezta lan eskubideetan inolako aurrerapenik egiteko ere".
"Enpresak, ordea, burtsan kotizatzen du, eta 2021ean 3.269,1 milioi euro sartu zituen (2020an baino %13 gehiago) eta 267,5 milioi irabazi (2020an baino %44 gehiago), 63,9 milioi dibidendutan banatuta", kritikatu du ELAk.
Enpresa batzordeak "irabazien araberako planteamendua" egin du, "langileek sortutako aberastasuna banatzeko, soldata duina izateko, lanbide sailkapen justua izateko, ABLEen gehiegikeria mugatzeko eta enpresaren barruan hainbat alderdi hobetzeko". Langileen ordezkarien arabera, "enpresak ez du ezer eman nahi izan", eta horregatik greba mugagabea hastea erabaki dute, "nahikoa dela esateko eta sortzen den aberastasuna enpresaren eta sektorearen errealitatean modu egokiagoan banatzeko".
Gainera, enpresa hitzarmena eskatzeaz gain, Arabako Metalaren sektorerako hitzarmen kolektiboa berritzea eskatu dute ere, "aberastasunaren banaketan laguntzeko".