Duela astebete baino gutxiago ezagutu da beste proiektu eoliko bat martxan dagoela Araban: Pozuelo de Alarconeko (Madril) Plauri Energy enpresa pribatuak Legutio udalerriko lurretan zentral eoliko bat eraikitzeko administrazio-izapideak abiatu ditu. Legutioko Udalak kritikatu du enpresa pribatu horrek tokiko erakundearekin "aldez aurretik komunikaziorik edo kontsultarik izan gabe" ekin diola prozedurari.
Legutioko Udalak baztertu egin du proiektua, udal gobernuak aurkeztu eta hurrengo osoko bilkuran talde politikoek eztabaidatuko duten mozio baten bitartez. Idazkian gogorarazi dute "energia berriztagarriaren hedapenerako planifikazio ordenaturik ez egoteak ekoizpen berriztagarriko proiektuak instalatzeko garapen desordenatua eta ekimen pribatuen biderkatzea eragiten" duela.
Egoera horren aurrean, Legutioko Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio "Aldundiekin eta Toki Erakundeekin batera, energia berriztagarriko sistemen hedapen ordenatua planifikatzeko, beti ere kontrol publikoa bermatuz eta lurraldea eta ingurune naturala errespetatuz". Era berean, erakundeei eskatu die "tokiko energia komunitateak bultzatzeko laguntzen deialdiak sustatu ditzatela".
Kastillo parke eolikoa
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak joan den ostiralean argitaratu zuen Legutio udalerrian Kastillo Parke Eolikoa eraikitzeko jendaurreko informazioaren izapideak martxan daudela, aurretiazko administrazio-baimenaren eskaeratik hasita.
Planteatutako kokapen zehatza Mekoleta eta Ubide arteko lursail batean dago, Motxotegi mendiaren parean.
Aurrera eginez gero, proiektu honek bost aerosorgailuz eta 22,5 MW-eko potentzia gordinez hornitutako zentral eoliko bat eraikitzea ekar lezake.
Plauri Energy S.L.U. enpresa da Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari baimena eskatu diona. Horrela, bada, proiektua jendaurrean jarriko da orain, hogei egunez, baimena eman aurreko urrats gisa.