Koronabirusa

Murgiako jaiak bertan behera utzi dituzte, Eusko Jaurlaritzaren azken irizpideengatik

Erredakzioa 2021ko aza. 17a, 17:32

Murgiako plazak ez du ospakizunik ez kontzerturik hartuko, oraingoz. / ALEA

Zuiako intzidentzia oraindik 150 kasuen azpitik dagoen arren, Murgiako administrazio batzarrak herriko jaiak bertan behera uztea erabaki du, Eusko Jaurlaritzaren azken gomendioak eta "jende asko" joango zela kontuan hartuta.

Déjà vu. Covid-19ari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak gaurtik aurrera ezarritako irizpide berrien ondorioz, Murgiako administrazio batzarrak asteburu honetan ospatzekoak ziren herriko jaiak bertan behera uztea erabaki du. Beste jarduera batzuen artean, Joselu Anaiak eta Txapelpunk taldeen kontzertuak, berbena, marmitako lehiaketa, Gorka Aginagalde eta Iñigo Salineroren antzezlan bat,  zeuden antolatuta, baina deialdi horiek guztiak bertan behera gelditu dira.

Osasun Sailak ekitaldi jendetsuak bertan behera uztea edo atzeratzea gomendatu die intzidentzia altuko udalerriei, eta Gotzone Sagarduik sinatutako aginduak azken 14 egunetan 150 kasu baino gehiago dituzten udalerriei egiten die erreferentzia. Hori ez da Murgiaren kasua, baina Zuia udalerriaren intzidentzia tasa 127koa izan zen astelehen honetan, eta goranzko joera zuen; hortaz, kontzejuak prebentzio neurri gisa hartu du erabakia.

Murgiako jaiak irailean ospatu ohi dira, San Migel zaindariaren omenez —irailaren 29aren inguruan—, baina aurten ospakizunak atzeratzea erabaki zuten. Azkenean, Covid-19aren gorakada berriaren ondorioz, herriko jaiak ospatu gabe geldituko dira murgiarrak, ez irailean, ez urrian, ezta azaroan ere.

"Kartelik ere ez dugu atera, baina jende asko etorriko zela aurreikusi dugu, batez ere gazteak. Gauza gehiegi ziren, eta ezin genuen ziurtatu hainbeste jenderekin egoera kontrolpean egongo zenik", aitortu du Alfredo Ircio administrazio batzordeko presidenteak, El Correo egunkariari egindako adierazpenetan.

Agurain, eremu gorrian

Eusko Jaurlaritzaren azken gomendioen harira Araban bertan behera utzitako lehen ekitaldia izan dira Murgiako jaiak. Une honetan, 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerrien artean eremu gorrian dagoen bakarra Agurain da; izan ere, 765,93ko intzidentzia tasa metatua erregistratu zuen astelehenean.

Egoera berriaren aurrean, Osasun Sailak astean bitan plazaratuko du buletin epidemiologikoa: astelehenetan eta ostegunetan, udalerrien egoera maiztasun gehiagorekin ezagutzeko. Hortaz, bihar ezagutuko dugu Arabako egoera zein den.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago