LABIren desagerpenaren ostean, eta neurri murriztaile nagusiak bertan behera utzi ondoren, Eusko Jaurlaritzak irizpide berriak iragarri ditu astearte honetan, EAEko egoera epidemiologikoari aurre egiteko asmoz. Agindua asteazken honetan, hilaren 17an, argitaratuko da, eta neurriak orduan sartuko dira indarrean.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak horien berri eman du 12:15ak aldera, Gobernu Kontseiluaren bileraren ostean. Jarraibide berriek 150 kasutik gorako intzidentzia duten udalerriei eragingo diete. Hortaz, Arabari dagokionez, soilik Agurainen ezarriko dira oraingoz.
Prebentzio Neurriak eta Ekitaldiak
- Udal agintariei eskatzea prebentzio neurriei eutsi ezin zaien jarduerak bertan behera uztea edo atzeratzea.
- Mantentzen diren ekitaldietan prebentzio neurriak indartzea:
-
- Jendearentzako espazioa handitzea, kontzentrazioak aurreikusten diren tokietan.
- Pasabideak ezartzea, pertsonen fluxu ordenatua errazteko.
- Elikagaiak eta edariak saltzeko edo kontsumitzeko guneak mugatzea.
- Ahal denean, jarduerak kanpoaldean antolatzea.
Covid Ziurtagiria
- Osasun Sailak COVID ziurtagiria derrigorrez ezartzeko baimena eskatuko dio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari; betiere, jarduera jakin batzuetan eta 12 urtetik gorako pertsonentzat:
-
- Gaueko aisialdiko establezimenduetan.
- Musika eta dantza jarduerak egiten diren establezimendu edo espazioetan (kontzertuak, adibidez).
- 50 lagunetik gorako edukiera duten jatetxeetan, talde handiek aldi berean bat egin badezakete.
Indarrean Dauden Neurriak
- Hainbat neurri indarrean mantenduko dira: besteak beste, maskararen nahitaezko erabilera, eskuen higienea, espazio itxien aireztapena eta urriaren 6ko aginduaren eranskinean jasotakoak (adibidez, zinema aretoetan zein ekitaldietan berariazko espazioetatik kanpo jateko eta edateko debekua, eta edukierei ezarritako mugak).
Horrez gain, Osasun Sailak astean bitan bidaliko du buletin epidemiologikoa: astelehen eta ostegunetan, udalerrien egoera maiztasun gehiagorekin ezagutzeko.
Araban, soilik Agurain eremu gorrian
Azken asteetan, Covid-19aren datuak okertu dira EAEn. Gipuzkoaren egoera kezkagarriaren aldean —308,55eko intzidentzia astelehen honetan—, Arabak eremu horiari eutsi dio, eta Gasteiz —99,16—, Laudio —32,70— eta Amurrioko —19,36— egoerari esker, 99,94ko intzidentzia mantendu du lurraldeak; hala ere, Agurainek —765,93— eremu gorrian jarraitzen du, azken egunetan egoera egonkortzen hasi den arren.