Duela egun batzuk, Ekologistak Martxan taldeak ohartarazi zuen lindanoa izan dezakeen bidoi bat agertu dela Albinako urtegitik gertu. URA agentziari, Ertzaintzari, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari eta Aramaioko Udalari neurririk ez hartzea leporatu zien talde ekologistak. Talde horren arabera, bidoia gutxienez abuztuaren 26tik dago bertan.
Horren harira, Aramaioko Udalak ohar bat plazaratu du, gaiarekin lotutako hainbat gauza argitzeko asmoz. Bertan azaldu dutenez, Udalak irailaren 24an jaso zuen URAren errekerimendu bat, bidoi horren berri emanez eta kentzeko aginduz, hondakin urbanoa delako. Horrez gain, SOS Deiak zerbitzuak antzeko beste errekerimendu bat helarazi zion, baina kasu horretan, koordenatuak gaizki eman zirela argitu du Udalak: "Hasieran beste kasu bat izan zitekeela uste bazen ere, bi eguneko epean konturatu ginen bidoi bera zela".
Udal teknikariak bertaratu ziren, eta Aramaioko Udalarenak ez diren lurretan dagoela baieztatu zuten udal teknikariek: "Ia Legutioko mugan, Albina pantanoaren bueltan, hango zerbitzu gunearen bueltan", azaldu dute oharrean. Gainera, Udalak azpimarratu du ez duela horrelako hondakinak kudeatzeko baliabiderik, eta, gainera, hondakin hori ez dela hiri hondakina.
"Edozein kasutan, ez dakigu lindanoa den edo ez, eta Udalaren abokatuarekin hitz egin ondoren, garbi adierazi digu horren kudeaketa ez dela udal eskumena", adierazi du Udalak. "Orain arte, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak lur jabeoi bakoitzak bere lurra egoki mantentzeko errekerimenduak egin dizkigu horrelako gauzen aurrean, beraz, URAren errekerimendua ulergaitza da, zentzu honetan".
Horren guztiaren aurrean, Aramaioko Udalak Ingurumen Sailari eta URA agentziari eskatu die —urriaren 15ean igorritako idazkietan— udalerrian agertu den ustezko hondakin toxikoa kentzeko "behar diren kudeaketak" egin ditzatela.