2021eko abuztuaren 26an, Ekologistak Martxan taldeak URAri (Uraren Euskal Agentzia) jakinarazi zion bazela bidoi bat, bere ezaugarriengatik –testura, usaina, etabar– lindanoa izan zezakeena. Albiñako urtegitik 40 metro pasatxora zegoen, eta urak urtegira isurtzen dituen errekasto batetik 20 metrotara. Alta, urriaren 6an –42 egun geroago–, Ekologistak Martxaneko kide bat tokira bertaratu zen, bidoia kendu ote zuten egiaztatzeko. "Oraindik leku berean zegoen, manipulazio zantzurik gabe". Pertsona horrek 112 telefonora deitu zuen eta Ertzaintzaren patruila batek hesi bat jarri zuen bidoiaren inguruan.
Halere, aste honetan bertan egiaztatu du Ekologistak Martxanek bidoiak leku berean jarraitzen duela. "Itxuraz, URAk ez du kudeaketarik egin Ekologistak Martxan taldeak aurkeztutako salaketaren inguruan. Bestalde, Ertzaintzak abisua eman zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari, eta horrek Aramaioko Udalari bideratu zion erantzukizuna. Udalak jakinarazi digu Ingurumen zinegotzia Ertzaintzak adierazitako lekura joan zela eta ez zuela bidoia aurkitu".