Ustelkeria

Eribeko alkate ohiak kartzela saihestuko du, 130.800 euro lapurtu zituela onartuta

Erredakzioa 2021ko eka. 24a, 12:00
64 biztanleko kontzejua da Eribe. / Argazkia: ZIGOITIKO UDALA

Eribe kontzejuko (Zigoitia) presidente ohiak Administrazio Batzarraren 130.800 euro inguru lapurtu zituen. Orain, Fiskaltzarekin akordioa egin eta kartzela saihestuko du, leporatutako delituak onartuta.

Ribagudako alkate ohiari 145.000 euro lapurtzeagatik lau urteko espetxe zigorra ezarri diotela ezagutu dugun aste berean, ustelkeria kasu berri bat atera da argitara Arabako kontzejuetan. Eldiario.es hedabideak argitaratu duenez, 2004 eta 2009 urteen artean Eribe kontzejuko presidente izandako Maite Garaithe Rubina Otxoa de Eribek eta bere fede-emaile Olatz Ruizek tratua egin dute Fiskaltzarekin, 130.786,65 euroko irregulartasunen egiletza eta bi urteko espetxe zigorra onartuz. Ondorioz, kartzela saihestuko dute, baina lapurtutako dirua eta interesak itzuli beharko dituzte; guztira, 176.945,72 euro.

Eldiario.es hedabidearen arabera, akusatuak diru hori ordainduz joan dira dagoeneko: 70.000 salaketaren aurretik eta beste 40.000 Kontu Auzitegiko prozeduraren harira. Orain, 62.649,22 euro falta zaizkie zorra kitatzeko, baina auzitegiak Fiskaltzaren eta akusatuen arteko tratua berretsi behar du.

Kasua kontzejuko talde kudeatzaile berriak jarritako salaketa baten ondorioz atera zen argitara. Ondoren, ikerketa Ana Jesus Zuluetak gidatu du; azken hilabeteetan Osakidetzaren oposizioetako filtrazioen sumarioa zuzendu du, eta azken aldian Arabako Auzitegian dago lanean. Eldiario.es-en arabera, prozesua konplexua izan da: auzia bi aldiz artxibatu zuten, eta ikerketa bertan behera geratzeko arriskuan izan da hainbatetan.

Ikerketaren dokumentazioaren arabera, frogatutzat jo dute alkate ohiak dirua ateratzen zuela kontzejuaren kontutik eta bere banku gordailu partikularretan sartzen zuela data bertsuetan. Finantzabideak hiru ziren: Zigoitiko funtsak, Fofel izeneko foru funtsa eta hipikako lurren errentamenduaren diru sarrerak.

Zigoitia udalerriko kontzeju bat da Eribe, eta 64 biztanle baino ez ditu. Beraz, funts-desbideratzearen tamaina 2.764 eurokoa da biztanle bakoitzeko; Eldiario.es hedabideak seinalatu duenez, horrek esan nahi du desbideratze hori Gasteizen gertatu izan balitz, 700 milioi eurokoa izango litzatekeela.

Irregulartasunak kontzejuetan

Halaber, hedabideak gogora ekarri ditu Arabako kontzejuetako administrazio batzarretan gertatutako irregulartasunak. Ribaguda eta Eribeko alkate ohiekin gertatutakoaz gain, hainbat dira azken urteetan argitara atera diren kasuak: Aretxabaleta, Arkauti, Urturi eta Arespalditza, besteak beste. "Kezkatuta gaude administrazio batzarren kudeaketan izandako irregulartasunen ondorioz hasten diren kausa kopuru handiagatik", idatzi zuen Josu Izagirre Arabako fiskalburuak bere urteko memorian, Aretxabaletako kasuaren harira.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide