Lau urteko espetxe zigorra Ribagudako alkate ohiarentzat, 145.000 euro lapurtzeagatik

Erredakzioa 2021ko eka. 21a, 19:20
Ribaguda Erriberabeitia udalerriko herrietako bat da. / Argazkia: erriberabeitia.eus

Arabako Auzitegiak ondorioztatu du Ribagudako alkate ohiak erabaki zuela "bere arazo ekonomikoak altxor publikoaren kontura konpontzea". Hortaz, lau urteko kartzela zigorra ezarri dio.

2009 eta 2013 urteen artean Ribaguda (Erriberabeitia) kontzejuko alkate izandakoari lau urteko kartzela zigorra ezarri dio Arabako Probintzia Auzitegiak, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea egotzita, Administrazio Batzordeko 145.183 euroz jabetzeagatik. Lapurtutako dirua Arasurreko desjabetzeen indemnizazioetatik eta kontzejuak jasotako diru laguntza publikoetatik zetorren.

Kondenatuak lapurtutako diru kopurua eta sortutako interesak itzuli beharko dizkio 21 biztanleko kontzejuari, kalte-ordain gisa. Gainera, zortzi urtez kargu publiko bat betetzeko gaitasunik gabe utziko du epaiak.

Ebazpenean, auzitegiak ondorioztatu du akusatuak "bere arazo ekonomikoak kudeatzen zuen altxor publikoaren kontura konpontzea" erabaki zuela, eta horretarako, "zenbateko oso altuko itzulketak eta transferentziak" egin zituela.

Herri-epaimahaiak erruduntzat jo du akusatua, baina alkate ohiak epaiaren aurkako errekurtsoa aurkezteko aukera du EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Akusatuak epailearen "bihozberatasuna" eskatu du behin baino gehiagotan epaiketan zehar, espetxean sartzeak aurretik lapurtutako dirua biltzea eragotziko ziola ohartaraziz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide