Zuia Euskaraz eguna ibiltaria izango da aurten ere

Erredakzioa 2021ko eka. 23a, 09:00

Zuiako bailarako herrietatik igaroko da ibilaldia. Argazkian, Aperregi. / AFA

Hilabete osoan zehar antolatutako egitaraua borobilduko dute larunbatean, ekainaren 26an, Zuia Euskaraz egunaren bertsio ibiltari batekin. Bailarako herrietan barrena, tribial joko batekin lagundutako ibilaldia egingo dute.

Hitzen habia izaten ari da aurten Zuia Euskaraz. Ekainaren 3tik hasita, hilabete osoan zehar askotariko jarduera eta ekitaldiak antolatu dituzte, Hitzezko unibertso oso bat euskaraz lelopean. Alfredo Hernandez Zirikak eman zion hasiera egitarauari, eta, ondoren, guraso zein umeentzat prestatutako ekitaldi ugari izan dira udalerrian.

Orain, hileko azken larunbatean, ekainaren 26an, Zuia Euskaraz Eguna ospatzearekin batera, udaberriko kultura egitarauari amaiera emango diote, eta udako jarduerak hasiko dira prestatzen. Iazko formatua mantenduz, ibiltaria izango da aurtengo Zuia Euskaraz eguna: ibilbide bat egingo dute bailarako herrietan zehar, eta hainbat geldialdi egingo dituzte.

Norberak nahi duen bezala egin ahal izango du ibilbidea: bizikletaz, autoz, oinez... Ibilbidea 10:00etan hasiko da Murgiako plazatik, eta, ondoren, Zarate eta Jugotik igaro ostean, Domaikiara abiatuko dira; bertan hamaiketakoa egin ondoren, azken txanpari ekingo diote: Aperregitik pasa, eta Bitorianon bukatuko da ibilbidea, bazkalorduan. Eguraldi onak laguntzen badu, Oroko Santutegira igoko dira, eguna behar bezala bukatzeko.

Tribial jokoa

Hala ere, ez da ohiko ibilbide bat izango, eta Zuia Euskaraz Tribiala prestatu dute geldialdietan jokatzeko, herriz herri probak egiteko eta, jakina, ondo pasatzeko. Parte hartzera ausartuko direnek honako formularioa bete beharko dute izena emateko, eta egunean bertan taldeak egingo dira probak egiteko. Irabazlearentzat, gainera, Zuiako produktuz osatutako otzara eder bat prestatu dute.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago