Alfredo Hernandez Zirikak emango dio hasiera hilabete honetan, Zuia Euskaraz programaren barruan, Gorbeialdeko Kuadrillak zehaztu duen kultura emanaldien egutegiari. Hurrengo egunetan guraso eta haurrentzat prestatutako ekitaldiak izango dira, dantza ikuskizun bat, elkarrizketa musikatuak eta Zuia Euskaraz Eguna, ekainaren 26an ospatuko dutena.
Urteak daramatza Zirika euskararekin eta naturak eskaintzen dizkion elementuekin poesia bisuala egiten, eta hori artelan bihurtzen. Beti euskarri berrien bila koadroetatik eskulturetara, eta handik instalazioetara eraman ditu euskal hitzak, etengabe beraiekin jolasean. Kasu honetan, Artea euskaraz? bere lanaren alderdi bati buruzko hitzaldia emango du. Ekainaren 3an izango da, 19:00etan.
Euskal karaokearen bueltak
Ekainaren 8an, berriz, Oporretako Kutxa tailerra izango da, hiru eta bederatzi urte arteko seme-alabak dituzten gurasoentzat. Euskara sustatzeko saioa da, eta familian euskara gutxi jakin arren ere parte har daiteke. Aste berean, ekainaren 13an, Euskal Herriko pailazo maitatuenek, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, Amaren intxaurrak aurkeztuko dute Bea Murgia plazan.
Ekainaren 17an, Gabi de la Maza izango da Zuian Txantxangorria euskal karaokea youtubeko kanalak izan duen arrakastaz hitz egiteko. Egilearen eskutik, proiektua nola sortu zen, zein helburu dituen eta nola funtzionatzen duen ezagutzeko aukera izango dute zuiarrek.
Hurrengo egunean, ekainaren 18an, Zuiako Institutuko gazteengana hurbilduko dira Iholdi Beristain Martinez euskal abeslari eta aktorea eta Iker Lauroba abeslaria, eta elkarrizketa musikatua izango da goizean zehar zentroan. Igandean, berriz, Haatik dantza konpainiak Errimak bi oinetan ikuskizuna eramango du Bea Murgia plazara. Bertso ariketa eta jokoak dantzara eramatea da emanaldi honen berezitasuna edo ezberdintasuna, eta horien bidez gaurkotasunari buruzko gogoetak plazaratzea, kantu ezagunei eta bertso sorta zahar eta berriei mugimendua emanez.
Meri, Mari eta Lari ipuin eta kantuz osatutako antzezlana da ekainaren 23ko protagonista, Eidabe Ekimen Kulturalak produktoraren eskutik. Ipuinak sexu eta genero aniztasunaz ari dira, familia eredu ezberdinez, beldurrak baztertzeaz... Ikuskizunak biltzen dituen abestiak Yogurinha Borovarenak dira. Galder Perezek idatzi eta Maria Urcelay aktorearekin batera sortutako ikuskizun hau umeei zuzenduta dago, baina adin guztietako lagunentzat da aproposa.
Hilaren azken larunbatean, ekainaren 26an, Zuia Euskaraz Eguna ospatzearekin batera, udaberriko kultura egitarauari amaiera emango diote udalerrian, eta udako jarduerak hasiko dira prestatzen.