Aramaiora doazen ibilgailuak Legutiotik ateratzeko proiektua lantzen ari da Aldundia

Erredakzioa 2021ko mar. 15a, 14:00
Legutio, airetik ikusita. / Argazkia: Alberto Garcia de Jalon

Aramaiora doazen edo handik datozen ibilgailuen zirkulazioa Legutioko herrigunetik igarotzea saihestu nahi du Foru Aldundiak. Helburu horrekin, A-623 eta A-2620 errepideak lotzeko hiru milioi euroko proiektu batean ari da lanean.

Legutio eta Durango lotzen dituen A-623 errepidea Legutio eta Aramaio lotzen dituen A-2620 errepidearekin konektatuko da, eta lehenaren tarte bat egokituko da. Esku hartze horrekin batera, gaur egungo A-2620 errepidearen zeharbidea Legutioko Udalari lagatuko zaio, kale bihur dezan.

Aurreratutako proiektuaren obrak datorren legegintzaldiaren hasieran aurreikusi ditu Arabako Foru Aldundiaren. Bitartean, legegintzaldi honen bigarren zatian proiektua onetsi eta beharrezkoak diren desjabetzeak egiteko aurreikuspenarekin ari dira lanean. Proiektuak hiru milioi euro inguruko inbertsioa beharko du.

Ubideko bidegurutzea handitzeko proiektua

Araba eta Bizkaia arteko mugan dagoen Ubideko N-240 errepideko bidegurutzea hobetzeko Bizkaiko Aldundiarekin egingo den hitzarmena azaltzeko agerraldia egin du De la Peñak Arabako Batzar Nagusietan. Legutioko proiektua azaltzeaz gain, hitzarmen horren abiapuntua bi erakundeen diagnostiko komun bat izan dela azaldu du: bidegurutze horrek segurtasun arazoak ditu, txikia delako, eta handitu beharra dago arazo horiek konpontzeko.

Hitzarmenean zehaztu da Arabak eta Bizkaiak zer konpromiso hartuko dituzten eraikuntza proiektuaren idazketa lanak lizitatzeko eta ordaintzeko: bi diputazioek erdibana ordainduko dute Ubideko bidegurutzea hobetzeko proiektuaren idazketa —60.000 euro inguru—, eta Araba arduratuko da hura kontratatzeaz 2021eko lehen seihilekoan zehar.

Bestalde, aldundi bakoitzak bere lurraldeko tartean egin beharreko obren eta desjabetzeen kostua hartuko du bere gain. Gainera, aldundi bakoitzeko bi ordezkarik osatutako jarraipen eta kontrol batzordeak hitzarmena betetzen dela zainduko du.

Aurreikuspenen arabera, eraikuntza proiektuaren idazketa lanak 2021eko abenduan amaituko dira. Orduan, beste hitzarmen bat sinatuko da, Ubideko bidegurutzea handitzeko obrak egikaritzeko.

N-240 errepidearen segurtasuna

Gasteiz eta Bilbo lotzen dituen N-240 errepidearen segurtasuna hobetzeko jarduketa multzo baten barruan sartzen da Ubideko bidegurutzearen handitzea.

Jarduketa horietako batzuk gauzatu dira dagoeneko —hala nola N-240 errepidearen hiru kilometro baino gehiagoko tartea egokitzeko berriki egin den 9 milioi eurotik gorako inbertsioa—, eta beste batzuk epe motz eta ertainean egingo dira: Ubideko bidegurutzea eta A-623 eta A-2620 errepideak lotzea, besteak beste.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide