Koronabirusa

Odol erauzketak Arrasaten egin daitezela eskatu du Aramaioko medikuak

Erredakzioa 2021ko ots. 25a, 18:41

Aitor Montes, Aramaioko familia medikua. / GOIENA

Aramaioko familia mediku Aitor Montesek idazki bat helarazi dio Arrasateko Lehen Mailako Arreta Unitateari, odol erauzketak Arrasaten egin daitezela eskatzeko.

Aitor Montesek idazkian ohartarazi duenez, Aramaioko kontsultategiko itxaron-gelan jende pilaketak sortzen ari dira. "Pandemia egoeran gaude eta derrigorrezkoa da distantziak gordetzea eta segurtasun neurriak zorrotz betetzea", azpimarratu du Aramaioko familia medikuak. Izan ere, Aramaion odol erauzketak egiten ari dira "gela txiki batean, eta, aldi berean, itxaron gela oso txikia da".

Bertan ikusten ari diren jende pilaketak pandemia egoeran "saihestu beharreko egoera" dela uste du Montesek, eta, horregatik, pandemiak dirauen bitartean odol erauzketak Arrasaten egin daitezela eskatu du.

"Erabakia ez dagokit niri, zuzendaritzari baizik; baina medikua naizenez, nire betebeharra da egoera horretaz jakinaraztea eta salatzea, beharrezkoa bada", azaldu du. Hortaz, Arrasateko Lehen Mailako Arreta Unitateko zuzendaritzari helarazi dio eskakizuna.

Arrasateko Lehen Mailako Arreta Unitateari helarazitako gutuna. / AITOR MONTES

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago