Asteleheneko datuak ez dira onak izan aramaioarrentzat: Araba osoa eremu gorritik kanpo dago, Aramaio izan ezik. Intzidentzia tasa metatua 2.635,14koa da une honetan udalerrian, eta, hori gutxi balitz, San Martin eskolan Covid-19aren agerraldi bat bizi izan dute azken asteetan. Baina pixkanaka hobetuz doa egoera.
Aramaioko Udalak salatu du azken egunetan informazio ofizial zuzenik ez duela jaso: "Orain dela bi aste, handik eta hemendik lortutako informazioarekin, eskola komunitatean agerraldi bat zegoela ondorioztatu genuen". Hori dela eta, eskolarekin zuzenean erlazioa duten eraikinak itxi zituzten, badaezpada.
Ondoren, bigarren astean, eskola komunitateko agerraldia mantentzen zela ikusita, eraikinak 12 urtetik gorakoentzako bakarrik ireki ziren, ekintza edo jardun desberdinetarako.
Astelehen honetan, azken datuak aztertu ostean eta eskola berriro martxa hartzen ari dela ikusirik, Aramaioko Udalak orain dela bi astetako neurrietara itzultzea erabaki du. Horrek esan nahi du ludoteka irekiko dela eta liburutegia ere duela bi aste zuen dinamikara itzuliko dela. Gainera, baimendutako klase edo ikasketak 12 urtetik beheragokoek ere egin ahal izango dituzte udal eraikinetan.
Azken bi asteak gogorrak izan dira gure herrian, birusak eskolan izandako agerraldi latz bat dela eta.
— Manex Agirre (@Manexagirre) February 15, 2021
Hankaz gora egon gara (eta gaude) denok, nahiz eta, udalak salatu bezala, ofizialki inork ez eman horren berri.
Gu, tokiko jendea, betiko ahaztuak. https://t.co/cUVzJnFLwr
Eskola kirola etenda
Halere, kirolari dagokionez, Aramaio eremu gorrian jarraitzen du, eta Osasun Sailak ezarritako neurriak mantendu beharko dira:
- 6-16 urte bitarteko eskola kirola ezingo da egin.
- Kirola bakarka egin ahal izango bakarrik.
- Ez dira talde entrenamenduak onartuko, ez baldin badira profesional edo semiprofesionalak.
Erantzukizunerako deia
Azkenik, Aramaioko Udalak "orain arte bezala, zentzuz jokatzea" eskatu die herritarrei, eraikin bakoitzeko protokoloak bete eta bertako arduradunek esandakoari kasu eginez.
"Egoera ez da erreza, eta izan dugun agerraldia berriro errepikatu daiteke herrian gauden edozein komunitate edo jende multzotan", azaldu du Udalak. "Horregatik, zentzunez eta errespetuz jokatu, komunitate bezala aurre egiteko modurik onena horixe baita".
Bide batez, San Martin eskolako kideei "zorionak eta eskerrak" eman dizkie Udalak, "egiten duten lan guztiagatik eta egoera latz honetan ere beraien onena ematen ari direlako".